Hilzorian zeuden, baina azken hatsa ematea falta zitzaien, eta gaur iritsi zaie ordua: badoaz zoru klausulak. Bankuetako bezeroen Adicae elkarteak 15.000 kalteturen izenean jarritako helegite kolektiboaren zati bati bide emanda, Madrilgo epaitegi batek hipoteketako zoru klausulak bertan behera uztera eta kontratuetatik ezabatzera derrigortu ditu 40 finantza entitate baino gehiago. Euskal aurrezki kutxarik ez da falta: tartean daude Kutxabank, Laboral Kutxa, BBK eta Nafarroako Caja Rural. Informazioa ezkutatzea eta "gardentasun falta" egotzi die epaitegiak.
2013ko maiatzaren 9az geroztik "bidegabeki" kobratutako dirua bueltatu beharko diete bezeroei, "zoru klausula guztiak" baliorik gabe utzi ondoren. Epailearen arabera, entitateek ez zuten zintzo jokatu maileguak emateko ezinbesteko baldintza gisa sartu zituztenean; halere, ez du zehaztu itzuli beharreko diru kopurua. Adicaek "historikotzat" jo du epaia: "Bankuek herritarren aurka abiarazitako iruzur handienarekin amaitu dugu".
Zer dira zoru klausulak?
Interes tasen jaitsiera saihesteko bankuek euren hipoteka kontratuetan jartzen dituzten gutxieneko interesak dira zoru klausulak. Euriborra aplikatutako zorua baino apalago egon denean, bezeroei ez die inolako mesederik egin, bankuek ezarritako minimoa ordaindu ahal izan dutelako orain arte. Hortik gorakoa izan denean, ordea, haren arabera pagatu behar izan dute bezeroek.
2013ko maiatzean, Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpokoak zirela ebatzi zuen, "gardentasunez" azaldu ez ziren kasuetan. Notarioak kontratua irakurtzeak ez duela gardentasuna bermatzen esan zuen justiziak, eta bezeroak ohartaraztea premiazkotzat jo zuen. Ebazpen horren ostean, BBVAk kendu egin zituen zoru klausulak. Caixabankek eta Sabadellek lekukoa hartu zioten gero; lehenak 615 milioi euro gorde zituen iaz zoru klausulen erruz kaltetutakoentzat. Orain, de facto ezabatu beharko dituzte guztiek. Epaiari helegitea jar diezaiokete, hori bai; bide hori hartzea aztertzen ari da Sabadell.