Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Industria-Makineriaren Renove Programan sartu dira 420 enpresa, eta haiek 489 makina berrituko dituzte SPRIk kudeatzen duen ekimenaren baldintzetan. Ezarritako helburuak gainditu egin direla dio Lakuak, eskaera horiek 107,7 milioi euroko inbertsioa eragingo dutelako, eta 63 milioikoa espero zutelako. Beraz, %70 handiagoa izan da enpresen erantzuna. "Kopuru hori nahikoa da erakusteko euskal industriak apustu sendoa egin duela produktibitatea, segurtasuna eta lehiakortasuna hobetzearen alde".
Industria makinak berritzeko programaren bitartez berritu nahi diren 489 makinen erdiak ia (213) makina-erremintaren sektorerako dira, eta 52,6 milioi euroko inbertsioa eragingo dute. Gainerako eskaerak sektore hauetakoak dira: galdaketa (87), kautxuaren eta materia plastikoen eraldaketako industriak (19), elikagai eta edarien industriak (17), nekazaritzako makinak (16), siderurgia (13), paperaren industria (13), eta zerraketa eta zuraren industria (9).
Makina berriak 30.000 euro balio behar du gutxienez (BEZa kontuan hartu gabe). Erosketa-kontzeptuan egiaztatutako gastuaren %15eko diru-laguntza emango da; gehienez ere 70.000 euro emango dira erositako makina bakoitzeko, eta 100.000 euro enpresa bakoitzeko (diru-laguntza erosketa bat baino gehiagorentzat den kasuetan).
Joan den urtearen amaieran aurkeztu zuen ekimena Arantza Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak; 9,5 milioi bideratu ziren indutrsia makinaria berritzera. Eusko Jaurlaritzak "ahalegin berezia egin du" makina berriak eros zitzaten, "helburua baita beren modernizazioa, segurtasuna eta produktibitatea areagotzea eta, beraz, Euskadiko enpresa-sare osoaren lehiakortasuna hobetzea".
Osalanen azterketa
Sailburuak adierazi du sektorearekin batera diseinatu eta baloratutako programren xedea enpresetako "aktiboen zati bat berritzea eta makinak puntuan jartzea" dela, ikuspegi guztietatik, gainera, "produktibitatea hobetuz eta pertsonen segurtasuna zainduz". "Eskaerek agerian uzten dute euskal enpresak ez duela ahaztu lehiakortasunaren aldeko apustua, ezta jarduera industrialak joera aldaketa bat bizi duen une honetan ere. Hain zuzen, orain inoiz baino prestatuago egon behar dute produkzio eta eskaera berriei aurre egiteko".
Lurraldeka, Gipuzkoako 203 enpresak parte hartu dute programan, –makina erremintaren sektorean sendotasun handiena duen lurraldea-, eta 240 eskaera aurkeztu dituzte. Bizkaian 119 enpresak 136 eskaera aurkeztu dituzte; eta Araban, berriz, 98 enpresak makina berriak erosteko 113 eskaera egin dituzte.
Osalanek lan esparruko segurtasun —eta osasun— agiriak eta dagokion dokumentazio teknikoa aztertuko ditu orain, eta horrez gain, makinak ikuskatuko ditu. Gero, txosten bat igorriko dio SPRIri, eta bertan, ikuskapena egiaztatzeaz gain, haren segurtasun-baldintzak betetzen diren ala ez jakinaraziko du.