Garraioa

500 enpresa eta 4.000 kamioi desagertu dira garraio sektorean

2012an Hego Euskal Herrian garraio sektorea "desagertzeko prozesua" bizkortu dela ziurtatu du Hiruk. Erakundeak beste aldera batera begiratzen ari direla salatu du garraiolari autonomoen sindikatuak.

Berria.info
2013ko urtarrilaren 28a
16:11
Entzun

Hiruk emandako datuen arabera, azken urtean 539 garraio enpresa itxi dituzte Hego Euskal Herrian. Garraio ibilgailuen kopurua 22.118tik 18.458ra jaitsi da tarte horretan ere. Enpresen desagertze erritmoa bizkortu egin da 2012. urteko azken hilabeteetan, eta, hala, azken urtean itxi dituzten enpresen %53 urritik hona itxi dituzte. Hiru sindikatuaren arabera, "sumingarria da ikustea larrialdi egoeran dagoen sektore honen inguruan eta milaka garraiolari eta haien familiak pairatzen ari diren dramaren inguruan nolako axolagabekeriaz jokatzen ari diren hiru foru aldundiak zein Iruñeko eta Gasteizko gobernuak. Gure instituzioek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute, eta zazpi urteko katastrofean ez dira gai izan euskal garraio sarearen desagerpena gelditzeko inongo neurririk jartzeko".

Hego Euskal Herriko errepideko garraio sektorearen jardueraren inguruko urteko balantzea egin du Hiruk, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak emaniko datuak kontuan hartuta. Estatistikaren arabera, gaur egun Hego Euskal Herrian 8.778 enpresa ari dira lanean, iaz baino 539 gutxiago. Estatistikak adierazten duenez, gainera, iragan urritik hona garraio enpresen desagertze erritmoa asko bizkortu da. Hala, herrialdeka, azken bi hilabeteotan, Araban 30 enpresa itxi dira (809 daude); Bizkaian 101 enpresa itxi dituzte (3.394 daude), Gipuzkoan 70 eta Nafarroan 81 (2.414). 

Hiruk sektorearen arautze publikoa eskatu du, haren iritziz, hori baita irtenbide bakarra sektorea salbatzeko. "Ez dugu sekula onartuko euskal ekonomiarentzat estrategikoa den sektorea, oinarrizko zerbitzu publikoa egiten duen sektorea eta aberastasuna eta lana Euskal Herrian sortzen duen sektorea desagertzea euskal instituzioak eta alderdi politikoak ez direlako gai errepideko garraioak urte luzez borrokatu duen eta ezinbestekoa duen erregulazio publikoari ekiteko". Halako erregulaziorik ikusten ez duenez, garraiolari autonomoen sindikatuak salaketa gogorrak egin ditu erakundeen aurka. "Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Iruñeko zein Gasteizko gobernuak euskal garraio sarea europar garraio ereduarekin ordezkatzeko Madrilek eta Bruselak zuzentzen duten estrategiaren konplizeak dira, eta apustu argia egiten dute beste eredu baten alde, non ardatz nagusia garraio agentziak eta multinazionalak diren eta prekarietatea den lanaren oinarria".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.