500 erregulazio dosierretik bost soilik bota ditu atzera Nafarroako Gobernuak

Iruñeko agintariak «enpresen giza baliabideetako atalen» luzapena direla esan du ELAk

Erredakzioa
Iruñea
2009ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak iristen zaizkion erregulazio espediente ia guztiak onartzen dituela salatu du ELAk. Mitxel Lakuntza sindikatu horretako Nafarroako arduradunaren arabera, administrazioa «enpresen interesen mesedetan» ari da jokatzen, eta badirudi «enpresen giza baliabideetako adarren luzapena» bihurtu dela.

Urtarriletik abuztu bukaerara483 erregulazio dosier iritsi zaizkio Nafarroako Gobernuari, eta horietatik bost baizik ez ditu atzera bota. Hau da, %1,02. Lakuntzak bilera eskatu dio Jose Maria Roig Lan sailburuari, eta lortzen badu -lehen aldia izango litzateke-, langileen oniritziarekin iritsi direnak soilik onartzeko exijituko dio, eta beste guztiak arbuiatzeko.

Gaur egun, berriz, egoera oso bestelakoa dela salatu du ELAk: «Oniritzia ematen diete langileen eta enpresen arteko adostasuna ez dutenei, irabazi historikoak izan dituzten enpresei, baita lan ikuskaritzaren beraren txostennen aurkakoei ere». Ondorioz, Lakuntzak uste du Nafarroako Gobernuari «ezer gutxi» axola zaiola langileei zer gertatzen zaien. Gobernuaren jarrera dela medio, enpresak «ez daude negoziatzera behartuta».

Laneko Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera, kontratua etetea eskatzen zuten espedienteen %14 iritsi ziren akordiorik gabe, eta kontratua haustea eskatzen zutenen %22.

Lan Zuzendaritzak beste zerbait nabarmendu du: espedienteen %90,5 kontratua aldi baterako eteteko direla eta langileen %92k (13.444) «enplegua berreskuratuko dutela» dosierra bukatuta. Beste 1.118k lanpostua galdu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.