500 milioi euro kobratu gabe dituzte ogasunek, atzerapenak direla eta

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 11.700 milioi euro bildu dituzte, aurreikusi baino 100 milioi gutxiago

Gonzalez, Bildarratz, Bilbao, Mendia, Carlos Agirre, Xabier Agirre eta Olano, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunen malgutasunerako proba izaten ari da krisia. Zailtasun ekonomikoak argudiatuta, ogasunarekin zorra kitatzeko unea atzeratzeko eskatzen ari dira zergapeko ugari, enpresa asko horien artean. Ordainketa atzeratu horiek direla eta, 500 milioi euro kobratu gabe zituzten aldundiek 2010. urteko itxieran, zerga mota guztiak kontuan hartuta.

Zor fiskala atzeratzeko aukera ez da berria, baina gainbehera ekonomikoaren astinduarekin eskaerak ugaritu egin direla aitortu du Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Enpresek baliatu izan dute, une jakin batean likidezia gutxi izan dutelako. 500 milioi horietatik 264 Bizkaiari dagozkio, 165 Gipuzkoari, eta 67 Arabari. Ordainketa atzeratzea ez da doakoa, azken finean kreditu fiskal bat delako, eta interesak ordaindu behar ditu zergapekoak.

Atzeratutako ordainketei buruzko datua ez da normalean publikoa izaten. Alta, Agirrek berak jakinarazi zuen, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak 2010eko zerga bilketa ixteko atzo egin zuen bileraren ondoren. Guztira, 11.700 milioi euro biltzea lortu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek. Aurreko urtean baino %8,4 gehiago da, eta bi urtez jarraian izandako erorketa gelditzea lortu dute.

Haatik, joan den urteko urrian egindako aurreikuspenean baino 100 milioi euro gutxiago izan dira azkenean. Agirrek garrantzia kendu zion jaitsiera horri, bilketa guztiaren %0,1 baino ez dela argudiatuta. Urteko azken txanpan ordainketa atzeratzeko eskatu duten zergapekoetatik aparte, aurreko urteko abenduan Rover kasutik eskuratu ziren 138 milioi 2010ean errepikatu ez izanak ere eragin du jaitsiera.

Dena den, jaitsierak badu bere eragina. Aurreikuspen baikor horretan oinarrituta sobera zegoen dirua hartu, eta ezohiko inbertsio plan bat martxan jartzea erabaki zuen Jaurlaritzak. Azkeneko bilketaren murrizketak defizit txiki bat utzi du Jaurlaritzaren kontuetan, baina gobernuak ez du hori estaltzeko arazorik, funtzionarioei egindako murrizketari eta gastua kontrolatzeko neurriei esker aldea berdintzeko «nahikoa soberakin» duelako, sailburuaren hitzetan.

BEZari esker

Neurri handi batean, balio erantsiaren zergak (BEZ) izan duen igoera handiari zor diote ogasunek urteko kontuak orekatu izana. 2010 urterako aurrekontuak egin zituztenean, 11.375 milioi euro bilduko zituztela kalkulatu zuten. Azkenean, 325 milioi euro gehiago izan dira, baina aurreikusitako hazkundea lortu eta nabarmen gainditzea lortu duen bakarra izan da BEZa.

BEZaren bidez espero baino 682 milioi gehiago bildu dituzte. PFEZak espero baino 200 milioi gutxiago lortu ditu, eta sozietate zergak, 82 milioi gutxiago. Enpresen irabaziei ezarritako zerga hori 2009ko bilketaren azpitik geratu da, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.