5.000 lanpostu berri eta hazkunde handiagoa espero ditu Confebaskek 2011rako

Aurten %0,2 haziko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina; heldu den urtean, berriz, %1,3

2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Iazkoa baino hobea bai, baina, aurtengoa ere urte zaila izan da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiarentzat. «2010ean atzeralditik irtetea lortu dugu, baina oraindik krisialdi bete-betean gaude; enplegua sortzen hasi artean ezingo dugu hitz egin krisitik irteteaz». Jose Guillermo Zubia Confebaskeko idazkari nagusiak atzo egindako adierazpenak dira. Izan ere, azken hilabeteetako hobetze txikien ondorioz, aurten barne produktu gordina %0,2 haziko dela uste du patronalak. Baina, horrek ez du lan merkatuan dagoen arazoa konponduko: 10.000 lanpostu galdu dira aurten EAEn, eta iaz baino 7.000 lagun gehiago daude lanik gabe.

Datorren urteari, ordea, bestelako itxura hartzen diotela azaldu zuten Zubiak eta Miguel Lazpiur patronaleko presidenteak atzo Bilbon, Confebasken urteroko txostenaren aurkezpenean. Zubiaren arabera, «moderatua, eta gorabeheratsua izango da suspertzea, zalantzaz eta erronkaz beterikoa, eta litekeena da zalantza horiek suspertzea bera baldintzatzea». Hala ere, barne produktu gordina %1,3 haziko dela eta 5.000 lanpostu berri sortuko direla aurreratu zuen jendaurreko azken agerraldian, aurki erretiroa hartzekoa baita.

Espainiako ekonomiaren inguruan dauden zalantzek kezkatzen dute gehien Zubia, jardueran, enpleguan eta kreditua lortzeko garaian euskal ekonomian eragingo dutelako. Espainiako ekonomiaren egoerak berak ere kezkatzen du, «oraindik oso ahul dagoelako, eta euskal enpresentzat oso merkatu garrantzitsua delako». Dena dela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak haztera egingo duela uste du. «Hazkundea motela izango da; Espainiako ekonomiarena baino indartsuagoa, baina Europakoarena baino ahulagoa».

Industria, «dinamikoena»

Confebasken iritziko, industria izango da sektorerik dinamikoena, eta aurten abiatutako suspertzeari eutsi egingo dio 2011n ere (%2,3), nahiz eta azpisektore batetik bestera alde handiak egongo diren. Ekipamendu ondasunen ekoizpenean hazkunde ahula espero du; esportazioetan, berriz, indartsuagoa (%0,9). «Hazkundeari ekarpen handia egingo dio, nazioarteko ekonomiaren egoera baliatuta».

Zerbitzuen sektorea ere haztera bueltatuko da heldu den urtean, nahiz eta hazkundea txikia izango den (%1,2). Eraikuntzak, ostera, gaizki jarraituko du, gainbehera, baina aurten baino indar txikiagoarekin (-2,9).

Kontsumo pribatuak indartzera egingo du, baina kontsumitzaileen konfiantza txikiaren eta lan merkatuko egoera zailaren ondorioz, hazkundea ez da handia izango (%0,8). Aldiz, kontsumo publikoa gelditu egingo da, gastua murrizteko neurriak direla eta(-%0,1). Hori bai, neurri horiei esker, finantza publikoen egoerak hobera egingo du, eta zergetatik diru gehiago bilduko da, nahiz eta krisia hasi aurreko mailara ez iritsi.

Krisialditik indartsu ateratzeko, gizarte eta ekonomia eragile guztien erantzukizuna eta ahalegina behar-beharrezkotzat jo zituen Zubiak. Beraz, gastuak eta ekoizpenari lotuta ez dauden kostuak murrizteko neurriak hartzea aholkatu zien enpresei, kostuak optimizatzeko helburuarekin.

Administrazio publikoari, berriz, erreformak eskatu zizkion. «Lehenbailehen egin behar ditu beharrezkoak diren erreforma guztiak, batez ere, pentsio sistemarena, finantza sistemarena eta negoziazio kolektiboarena. Horrez gain, sakondu egin behar du lan erreforman, Administrazio publikoaren erreforman eta berregituraketan eta energia sistemaren ereduan». Erreforma horiek argiak izan behar dutela esan zuen Zubiak. «Egutegia eskuetan eta helburuak ondofinkatuta egin beharrekoak dira, Espainiako ekonomian eta lehiakortasunean konfiantza berreskura dezaten».

Enpresen nazioartekotzea sustatzeko politikak eta ikerketan, garapenean eta berrikuntzan inbertsio handiagoak egiteko ere eskatu zuen Zubiak. Eta beharrezkotzat jo zuen enpresak laguntzea, finantzaketa eta likidezia arazorik izan ez dezaten.

Europari dagokionez, berriz, gobernantza ekonomikoan sakondu beharra dagoela adierazi zuen, «orain baino tresna hobeekin eta herrialdeen arteko koordinazio handiagoarekin». Azkenik, langile eta sindikatuei «jarrera arduratsu, malgu eta irekia» izateko eskatu zien Zubiak, enpresen bideragarritasuna arriskuan jar dezaketen edo errekuperazioa eragotz dezaketen erabakirik ez hartzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.