2009ko apirilean hil zen J. A. S. behargina, amiantoarekin lan egiteak eragindako pleurako mesotelioma baten eraginez. Bilboko Lan arloko auzitegi batek erabaki du Ercros eta Fertiberia enpresek 50.000 euroko kalte-ordaina eman behar diotela haren alargunari, "eragindako kalte-galerengatik". 2012an ere beste zigor bat jaso zuten enpresa horiek: segurtasun neurriak ez hartzea leporatuta, prestazioen kopurua %40 handitzera behartu zituen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.
Asviamie elkarteak jakinarazi duenez, aurrena Union Explosivos Reio Tinton lan egin zuen hildako langileak —enpresa hori Ercros deitzen da gaur egun—. Han amiantoz inguratuta egon zen, isolagarri bezala erabiltzen baitzuten galdara, labe eta bapore hodietan; halaber, amiantozkoak ziren junturetako lokarriak. Eskuetan erabiltzen zuten, beraz, amiantoa.
Handik, Fesa enpresara aldatu zen behargina, 1984an —gerora Fertiberiak eskuratu zuen—. Barakaldoko lantegi horretan, errekuntza labean eta mastiketan erabiltzen zuten minerala, isolagarri gisa. Hondakinak eskobaz garbitzen zituzten.