Ekonomia

50.000 eurotan finkatu du Europako Batasunak bermatutako gutxieneko gordailua

Espainiak hortik gora 100.000 eurora igoko duela iragarri du jada, eta oso litekeena da Frantziak ere neurri bera hartzea. Horrenbestez, 100.000 euroko diru kopurua bermatuko litzaieke aurrezkiak bankuetan dituzten Euskal Herriko herritarrei.

2008ko urriaren 7a
18:20
Entzun
Finantza krisiak aurrezle txikiengan sortu duen beldurrari eta horrek sor dezakeen ezegonkortasunari aurre egiteko lehendabiziko neurri bateratua hartu du EB Europako Batasunak: bankuen porrot kasuan aurrezkiak dituzten herritarrei bermatutako gutxieneko diru kopurua 20.000 eurotik 50.000 eurora igo du. Horixe da Ecofin Ekonomia eta Finantzetako Ministroen Kontseiluak Luxenburgon egin duen bileran hartu duten erabaki zehatza.

Batzarra hasi aurretik, gutxieneko berme hori 100.000 eurotan finka zezaketela aipatu dute zenbait iturrik, eta kopuru hori mahai gainean izan den arren, azkenean baztertu egin dute EBko 27 herrialdetatik hainbatentzako handiegia litzatekeelako. Hala ere, Ecofin-eko iturriek iragarri dute estatu gehienek 100.000 eurotan finkatuko dutela gutxieneko bermea.

Espainiak dagoeneko jakinarazi du 100.000 eurotara joko duela, eta iragarpen ofizialik egin ez duen arren, oso litekeena da Frantziak ere neurri bera hartzea. Izan ere, kopuru hori bultzatu duen estatuetako bat izan da. Horrenbestez, Euskal Herrian 100.000 eurotan ezarriko litzateke gordailuen gutxieneko bermea. Orain arte, 20.000 euro bermatzen zitzaizkien Hego Euskal Herriko biztanleei -Espainiako araudiari jarraiki- eta 70.000 euro Ipar Euskal Herrikoei, Frantziak agitzen zuen bezala.

Gutxieneko gordailu bermeak finkatzen du banku batek hondoa joz gero erakunde horretan aurrezkiak dituzten herritarrek jasoko luketen gutxieneko diru kopurua. Beraz, neurri hori indarrean jartzean 100.000 eurokoa izango da aurrezkiak Euskal Herriko bankuetan dituztenei ziurtatzen zaiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.