Isuna jartzen badiote sindikatua desagertuko dela ohartarazi zuten atzo Hiruko ordezkariek, ez baitute baliabide aski ordaintzeko. Baina zigorrak ez lioke soilik erakundeari egingo kalte. Izan ere, sindikatuak ez balu isuna ordainduko, zuzendaritza batzordeko bederatzi kideren ondasunak bahitzeko bidea irekiko litzateke.
Auzia orain dela urtebete hasi zen. Gasolioaren, inflazioaren edo euriborraren igoeraren ondorioz garraiolari autonomoen bideragarritasuna arriskuan zegoela salatzeko agerraldia egin zuten Hiruko bi kidek Gasteizen. Egoerari aurre egiteko, garraioaren truke ordain duina eskatu zuten, eta, hori lortzeko, tarifak «gutxienez %5 igotzea» beharrezkoa izango zela aldarrikatu zuten. Zerbitzuaren irudiko, adierazpen horiek prezio jakin batzuk ezartzeko gomendio kolektiboa dira, eta, ondorioz, legeak debekatutako ekintza.
Lehiaren defentsarako organoek esandakoa «bihurrera hartu nahi izan dute», Estitxu Ugarte Hiruko ordezkariaren aburuz. Horren erakusle litzateke auziari ezarritako helegite guztiak atzera bota dizkietela, edota negoziazioaren bidez prozesua ixteko eskaera behin eta berriro ukatu zaiela. Hori dela eta, «ez hankarik ez bururik» ez duen auzia artxibatzeko eskatu dio Hiruk Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiari.
Jaurlaritza erantzule
Lehiaren defentsarako organoak Eusko Jaurlaritzak sortu zituen, eta EAEko gobernua eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria egin ditu Hiruk egoeraren erantzule. «Bederatzi lagunen etxeak eta kamioiak bahitu nahi ditu Jaurlaritzak, eta era horretan bederatzi enpresa itxi eta bederatzi familia kale gorrian utzi», azaldu zuen Ugartek.
Hori ikusarazteko asmoz, datorren otsailaren 9an Hiru ez itxi. Garraio duinaren alde lelopean Ajuria Eneko jauregiaren aurrean elkarretaratze egitera deitu du garraiolari autonomoen sindikatuak.
Epaileek Hiru zigortuz gero, EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jotzeko aukera izango luke, babes eske. Alta, bide hori zaila dela ohartarazi du sindikatuak. Izan ere, helegitea aurkeztu ahal izateko, isunaren balioaren pareko bermea jarri beharko luke epaitegian, eta ez dute bideragarri ikusten.
Era berean, isun bat jasotzea sindikatu ororentzat «aurrekari txarra» izango dela ohartarazi zuten Hiruko ordezkariek. Saltokiak jaiegunetan ez zabaltzeko erabakiaren harira, ELA, CCOO, LAB eta UGT ikertzea erabaki zuten lehia organoek joan den urtean, eta prozesua zabalik dago.
'Gomendio', hitz garestia lehiaren babeserako araudian
Gomendio hitza erabili ez bazenute, ez zinatekete hemen egongo». Halaxe arrazoitu zieten Hiruko ordezkariei prozesua abiatu izana Lehiaren Euskal Auzitegitik. Nonbait, hitz madarikatua da gomendio lehiaren babeserako erakundeetan.Sindikatuaren aburuz, proportziorik ez duen amesgaiztoa bihurtu da prozesua. Esaterako, berdin da tarifak igotzeko gomendio hura garraiolari batek berak ere ez jarraitu izana: kaltea hitza da, gomendioa bera.
Zigorrak baino garrantzitsuago lehia askearen beharrari buruzko pedagogia egitea zela esan zuen auzitegiak jendaurrean aurkeztu zenean. Pedagogia horrek, oraingoz, Hiru desagertzeko zorian jarri du.