5.450 langabe gehiago egunero

Eurogunean 17,3 milioi langabe zeuden martxoan, otsailean baino 169.000 gehiago, eta langabezia tasa %10,9koa da25 urtetik beherako bost gaztetik batek ez dauka lanik euroaren eremuan

jakes goikoetxea
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko (EB) eta euroguneko agintariek ez dute lasaitzen murrizketen gerrikoa. Ez daukate hazkundea bultzatzeko eta langabezia gutxitzeko estrategiarik. Bitartean, langabeen kopurua etenik gabe handitzen ari da: EBko (EB) 27 herrialdeetan 24,7 milioi herritar daude langabezian. Euroguneko hamalauetan daude erdiak, 17,3 milioi. Populazio aktiboko —lanean ari direnak eta lan egiteko prest daudenak— ehun herritarretik ia hamaika (%10,9) langabezian daude, martxoko datuen arabera, otsailean baino hamarren bat gehiago. Iazko martxoan ehunetik hamar ziren. Hilabetetik hilabetera kopuruak goia jotzen du. Jada hamaika hilabete daramatza igotzen.

Otsailean baino 193.000 langabe gehiago zeuden EBn, 169.000 gehiago eurogunean. Beste era batera esanda, egunero 6.225 eta 5.451 langabe gehiago pilatu ziren langabeen zerrendetan.

Eurostatek atzo kaleratu zituen martxoko langabeziari buruzko datuak. Datu horietan doitu egin dute sasoian sasoiko aldagaien eragina.

Zenbakiak lazgarriagoak dira 25 urtetik beherako gazteen kasuan. Europako Batasunean, langabezian daude 5,516 milioi gazte; eurogunean, 3.345 milioi dira. Gazteen populazio aktiboko bost gaztetik bat langabezian dago: %22,6 EBn eta %22,1 eurogunean. Duela urtebete gazteen langabezia tasak %21 eta %20,6 ziren, hurrenez hurren. Espainian eta Grezian, langabezian dago bi gaztetik bat; Alemanian, %7,9 baino ez dira.

Egoera larriena Espainiarena eta Greziarena da. Espainian martxoko langabezia tasa %24,1izan zen. EBko bost langabetik bat espainiarra da; euroguneko hiru langabetik bat. Martxoan langabezian geratutakoetako milaka lagunetako gehienak espainiarrak dira. Espainiak aurtengo lehen hiruhilekoan iazko azkenekoan baino 365.900 langabe gehiago izan ditu, INE Espainiako Estatistika Erakundearen arabera.

Eurostatek ez du Greziaren martxoko datua eman. Urtarrileko langabezia tasa hartu du aintzat, %21,2. Italian ere egoera okertzen ari da, langabezia tasa %9,8ra iritsi baita, hamabi urteko kopuru handiena.

Eurostaten datuen arabera, Alemania, Austria, Finlandia, Suedia eta Txekia dira salbuespenak. Gutxitu egin dute langabezia, bai otsailetik martxora, bai iazko martxotik aurtengora. Austriak dauka Europako Batasuneko langabezia tasa apalena, %4. Lituaniak, Letoniak eta Estoniak ere gutxitu dute, baina azken datua iazko azken hiruhilekokoa da.

Alemanian langabezia tasa %5,6 da. Alemaniak atzo eman zuen apirileko langabezia datua. Sasoiko faktoreak aintzat hartuta, gutxitu egin zen, martxoko %7,2tik %7,0ra. 65.000 langabe gutxiago. Sasoiko faktoreak aintzat hartu gabe, langabezia handitu egin zen apirilean, eta 19.000 langabe gehiago izan zituen.

Hazkundea «agendan»

Langabezia hazten ari da, hainbat herrialde atzeraldian sartu dira, eta euroguneko agintarien artean gero eta gehiago dira murrizketen gerrikoa lasaitu nahi dutenak, benetan hazkundea bultzatzeko: Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentea, Mario Monti Italiako lehen ministroa, Elio Di Rupo Belgikakoa, François Hollande Frantziako presidente izateko hautagai sozialista... Angela Merkel Alemaniako kantzilerra ere hasi da hazkundeaz hitz egiten.

Neurri zehatzik ez dute onartu, ordea. «Gure agendaren erdian dago hazkunde ekonomikoa, eta langabeziaren kontrako borroka uztartzea», esan zuen atzo Pia Ahrenkilde Europako Batzordeko bozeramaileen buruak. Ze ekintza zehatz proposatuko dituzten galdetu zioten Jonathan Toddi, Europako Batzordeko Enplegu eta Gizarte Gaietarako bozeramaileari. Apirilaren 30ean «gomendio zehatzak» onartuko dituztela erantzun zuen, «premiazkoa» dela enplegu gehiago eta hobeak sortzea. Neurri bakarra aipatu zuen: «Benetako lan merkatu europarra sortzea, lan merkatu dinamikoagoa».

Europako agintariak Europako Inbertsioen Bankua indartzea aztertzen ari dira, arazoak dituzten herrialdeetan hazkundeabultzatzeko, azpiegituretan, energian eta teknologian inbertituz. Diru gehiago jarri nahi du bankuaren eskura, baina herrialdeek diru gehiago jarri gabe.

Manufaktura industriari buruzko datu txar bat eman zuten atzo: jardueraren PMI indizea jaitsi egin da martxotik apirilera, 47,7 puntutik 45,9ra. Hiru urtean izandako kopuru apalena da. 50 puntutik beherako indizeek jarduera uzkurtu egin dela adierazten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.