Nanoteknologia XXI. mendeko industria iraultza izango dela espero dute adituek, eta hori kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzak, SPRIrekin batera, Nanobasque Estrategia diseinatu du. Nanoteknologian espezializatutako enpresak sortuz eta indartuz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aberastasuna sortzea izango du helburu. Administrazio publikoek eta pribatuek 552 milioi euro inbertituko dituzte ekimenean 2015erako.
Atzo nanoteknologiak etorkizunean izango duen garrantzia azpimarratu zuten, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Pedro Migel Etxenike Donostia International Physics Centerreko presidenteak.
Etorkizunean autoak, sakelakoak eta beste hainbat tresna nanoteknologiaren bidez garatuko dira. Etxenikek azaldu zuenez, medikuntzan ere aurrerapen asko egingo dira nanozientzia eta nanoteknologiari esker. Egun teknologia mota hori daramaten 800 produktu daude katalogatuta, hala nola energiaren, elektronikaren eta elikagaien arloetan. Adibide bat jartzearren, iPhonea eta Intelen prozesadore berria nanoteknologian oinarrituta daude.
Ibarretxeren iritziz, krisi ekonomiko garaian Nanobasque bezalako estrategia bat aurkezteak «itxaropena» ematen dio gizarteari. Hala, Eusko Jaurlaritzak I+G+(b)-ra bideratutako diru laguntzak %20 igo direla azaldu zuen. 2007an, esaterako, BPGaren %1,68 izan ziren.
Nanobasquek hiru eremutan egingo du lan: enpresetan,beren parte-hartzea bultzatzeko; ezagutzan, nano dimentsioaren ikerketak egiteko eta talentua indartzeko eta erakartzeko; eta gizartean, horren inplikazioa indartzeko.
Egun 80 enpresa daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan teknologia mota hori erabiltzen dutenak, baina 2015erako kopuru hori 100era igotzea espero dute ekimena bultzatu dutenek. Baita 700 lanpostu berri sortzea ere.
Nanogune, urtarrilerako prest
Nanoteknologia sustatzeko estrategia horren zutabe garrantzitsuenetako bat Donostiako Nanogune zentroa izango da. Datorren urteko urtarrilerako martxan egotea espero da, eta bertan ikerketak egingo dira nano unibertso mailan, hau da, milimetroaren milioirenaren mailan. Etxenikeren esanetan, Nanogunek ez du soilik nazioarteko erreferentzia zentro izan behar, ezagutza, sormena eta trasferentzia teknologikoa ere bultzatu behar ditu.
552 milioi euro inbertituko ditu EAEk nanoteknologian
Egun 80 enpresa daude nanoteknologian espezializatuta, eta, aurreikuspenen arabera, 100 izango dira 2015ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu