ekonomia-langabezia

%5,68 langabe gehiago dago Hego Euskal Herrian, Inemen datuen arabera

Iazko abendutik hona 5.245 langabe gehiago –%5,68ko igoera– dago Hego Euskal Herrian, Inemek gaur kaleratu dituen datuen arabera. Guztira 97.592 langabetu daude Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, eta langabezia-tasa %7,73an dago. Hala ere, iazko urtarrileko datuak aintzat hartuz gero, 1.491 pertsona gutxiago daude langabezian, eta urtebetean %1,5eko jaitsiera izan du langabezia-tasak.

2004ko otsailaren 3a
19:44
Entzun
Inemek emandako datuak lurraldeka banatuz gero, Araban igo da gehien langabezia-tasa, %7,8 hain zuzen. 724 lagun gelditu dira langabezian azken hilabetean, eta guztira 9.986 pertsona daude langabezian, biztanleria aktiboaren %6,61a.

Nafarroan %7,1eko igoera izan du langabezia-tasak, 1.251 lagun gelditu baitira lanik gabe. Guztira 18.806 pertsona daude langabe Nafarroan, biztanleria aktiboaren %7,29a.

Gipuzkoan 1.131 lagun gelditu dira langabezian azken hilabetean, %5,23 langabe gehiago daude. Orotara, 22.744 pertsona dira lanik gabe dauden gipuzkoarrak, biztableria aktiboaren %6,81a, alegia.

Bizkaia izan da azken hilabetean lanpostu gutxien galdu dituen herrialdea. Iazko abendutik hona 2.139 pertsona gehiago daude langabezian, %4,87ko igoera izan du. Guztira, 46.056 pertsona daude Bizkaian langabezian, biztanleria aktiboaren %8,88a, hain justu.

2003ko abenduko langabezia-tasa %7,30ekoa zen eta urtarrilean %7,73an kokatu da. Igoera, beraz, %0,43koa izan da.

Emakumezko gehiago langabezian

Hego Euskal Herrian 40.377 gizonezko daude langabezian, eta 57.215 emakumezko. Hogeitabost urte azpiko 12.396 dira langabe daudenak, eta hogeitabost urtetik gorakoak berriz, 85.196 dira.

Urtarrilean 84.224 kontratu berri sinatu dira: horietatik 6.998 kontrakoa finkoak izan dira (%8,3a) eta aldi baterakoak berriz 77.226, %91,7a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.