ENERGIA. PETROLIOA
60 dolarreko muga hautsita
Urte hasieratik %40 garestitu da petrolioa eta igoera ez da amaitu
50 dolarreko muga psikologikoa otsailean gainditu zuen lehen aldiz petrolio upelak. Bost hilabete eskas behar izan ditu 60 dolarrekoa hausteko. New Yorkeko azokan muga hori ozta-ozta gainditu zuen Texasko upelak, nahiz eta gero balio apur bat galdu zuen. Azkenean, 59,42 dolarretan salerosi zen, bezperan merkatua itxi baino 1,33 dolar garestiago. Neurri berdinean igo zen Brent upela Londresen, 57,96 dolarrera arte. Urtea hasi denetik %42 garestitu da petrolioa, batik-bat uste delako nahiko ekoizpen ez dagoela urtetik urtera hazten ari den eskaria asebetetzeko. Halaber kezka dago findegien gaitasunari buruz. Petrolioak gora egiteko zantzuak badaude, kontsumoa handitu egiten baita urteko azken hiruhilekoan eta nahiko erreserbarik dagoenentz garbi ez baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu