65 urtetik gorakoen alargun pentsioak hobetzeko akordioa lortu du Espainiako Kongresuak. Gainera, Toledoko Itunean bildutako alderdiek ontzat jo dute umezurtz pentsioa gazteak 25 urte bete arte ematea. Gaur egun gazteak 18 urte bete arte ematen dute gutxienez; 22 urtera arte, seme-alabaren irabaziak gutxieneko soldatatik behera badaude; eta 24ra arte, bi gurasoak hil badira.
Toledoko Itunak gaur bukatu nahi du pentsioen erreformari buruzko ebazpena. Orduan jakingo da zehazki zer proposatu duten alargun pentsioei buruz. Izan ere, atzo Efe agentziak soilik aurreratu zuen 65 urtetik gorakoen alargun pentsioak igo egingo zirela «haien diru sarrera nagusia, baina ez bakarra, pentsio hori denentzat». Horretarako, pentsioa kalkulatzeko baliatzen den soldata oinarria igoko dute, zenbat zehaztu gabe. Gaur egun, alargun pentsioa hildakoaren soldata oinarriaren %52 da, eta %70ekoa alagunak seme-alabak zaindu behar baditu. Horrek oso pentsio eskasak eragiten dizkie beste diru sarrerarik ez dutenei. Batez beste 573 eurokoa da alargun pentsioa.
Toledoko Itunak zehaztuko du alargunak asko jota hildakoaren pentsioaren adina eskuratu ahal izango duela, baina inoiz ez hortik gora. Atzo aurreratutako informazioak ez du zehazten zer gertatuko den hildakoa pentsio handienaren jabe bada, edo are gehiago, zer gertatuko den 65 urtetik beherakoen alargun pentsioekin. Uneotan alargun geratu den edonork du pentsio hori jasotzeko eskubidea, 40, 50 edo 65 urte izanda ere. Espainiako Gobernuak pentsio horiei eskua sartu nahi die, Europan oso kasu bakana baita pentsio horiek beste diru sarrera batzuekin uztartzeko aukera. Uneotan 2,3 milioi alargun pentsio daude, eta gastuaren %20 dakarte.
65 urtetik gorakoen alargun pentsioak igoko dira
Toledoko Itunak proposatu du umezurtz pentsioak ematea gazteak 25 urte bete arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu