Pentsionistek 1.098 euro jasotzen dituzte batez beste Hegoaldean. Gizarte Segurantzaren martxoari dagokion datuen arabera, 664.990 pentsionista daude Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, orain urtebete baino %2 gehiago. Batez besteko pentsioa ere igo egin da, %1,2 hain zuzen.
Pentsionista gehienak erretiroa hartutakoak dira; 424.330 dira lau herrialdeetan, eta batez beste 1.282,96 euro jasotzen dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 1.172,52 eurokoa da batez beste jasotzen dutena Nafarroan.
Ezgaitasun iraunkor batengatik pentsioa jasotzen dutenak 53.459 izan dira martxoan, lau lurraldeetan. Batez besteko pentsioa 1.188,96 eurokoa da EAEn, eta 1.096,51koa Nafarroan.
Alarguntasunarengatik pentsioa jasotzen dutenak 164.711 dira Hego Euskal Herrian, eta batez besteko pentsio hori 755,88 eurokoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 686,35 eurokoa da.