Iragarrita zegoen bezala, aurtengo martxoaren 31n ogasunarekin milioi batetik gorako zorra zeukaten zergapekoen zerrendak argitaratu dituzte gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. Bizkaiak 149 izen jakinarazi ditu, Gipuzkoak 62, eta Arabak 26. Hiru hilabetez izango dira publiko, eta ondoren webguneetatik ezabatuko dituzte. Zordunen zerrendan nagusi dira enpresak. Porrot egindako eta birmoldatutako enpresa asko ageri dira, eta baita eraikuntzari lotutakoak ere.
Arabari dagokionez, zordun handiek 76 milioi euro zor dizkiote herrialdeko ogasunari. Zordun handiena Ros Casares Valentziako metalgintza taldea da. Guztira, 29,8 milioi zor ditu taldeak, kontuan hartuta Goya filialak aldundiarekin duen zorra. Zordun handienen artean bigarrena Lendiz eraikuntza enpresa da, eta 4,5 milioi zor ditu. Norbanakoen artean hiru identifikatu ditu. Zordun handiena Macario Gonzalez da, 4,2 milioi euroko zorrarekin. 2008 eta 2011 artean errenta eta BEZ zergengatik isuna jarria zion Arabak.
Bizkaian dago hiru herrialdeetako zordun handiena: Iurbenor. Jabyer Fernandez hiegizinen enpresaburuaren proiektuak 52 milioi baino gehiago zor dizkio ogasunari. Fernandezen beste hainbat enpresa agertzen dira zerrendan. Sustapenari lotutako beste enpresa batek, Baensak, 11 milioi euroko zorra du. Kasu horretan, Espainiako hegoaldean eraikuntza proiektuak zituen. Bigarrena Moldis Echarro da, 20 milioi euro baino gehiagorekin. Bizkaian pilatutako zorpetzea 435 milioi eurokoa da.
Krisiaren porrot traumatikoena izan zen Fagor etxetresnena Gipuzkoan, eta birmoldatutako kooperatiba da zordun handiena herrialde horretan. Guztira, ogasunarekin ia 16 milioi euroko zorra utzi zuen porrot horrek. Beste birmoldaketa batzuk igaro dituzten hainbat enpresa ageri dira. Ramon Vizcaino (5,3 milioi), Azkue altzairuak (3,7 milioi) eta TS Fundiciones (2 milioi), besteak beste. Eraikuntza sektoreko Construcciones y Contratas Gedi da zordun handienen artean bigarrena (6,3 milioi). Gipuzkoari 152 milioi zor dizkiote zordun handiek.