Iazko urrutik aurtengora 8.605 pentsiodun gehiago batu dira gizarte segurantzaren sistemara, Hego Euskal Herrian. Dagoeneko 670.448 pentsiodun daude Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, aurreko urtean baino %1,3 gehiago. Pentsiodun horiek 1.109 euro jaso dituzte urrian, batez beste.
Espainiako gizarte segurantza sistemaren urriko gastu osoaren %7,1 Hego Euskal Herriko pentsioak ordaintzeko baliatu da, 743,8 milioi euro guztira. Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan batez besteko pentsioa 1.126,14 eurokoa da, %2 handiagoa orain urtebete baino, eta Nafarroan, berriz, 1.040,13 eurokoa, %2,1 handiagoa iazko urriarekin alderatuz.
Erretiroari dagokion batez besteko pentsioak dira altuenak; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 343.191 pentsiodunek 1.295,9 euro jasotzen dituzte batez beste hilero. Nafarroako 86.292 erretiratuk 1.185 euro jasotzen dituzte batez beste hilero. Alarguntasunarengatik 761,55 eurokoa da batez bestekoa Jaurlaritzako eskumeneko lurraldeetan, eta 691,63 eurokoa Nafarroan. Horrez gain, ezintasun iraunkorreko pentsio bat jasotzen dutenak 53.551 dira lau lurraldeetan; Nafarroan 1.100,51 euro jasotzen dute batez beste, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 1.192 euro.