Espainiaren defizita 2012an %7 ingurukoa izan zela iragarri zuen Mariano Rajoy presidenteak aurreko astean, eta gaur, berriz, zenbaki zehatza eman du: %6,7. Espainiako gizarteak egindako "ahalegin izugarriak" ahalbidetu du horrelako defizita, Rajoyk Espainiako Legebiltzarrean oposioko buru Alfredo Perez Rubalcabari (PSOE) esan dionez. Harrotasunerako tarterik ere eman dio PPko buruzagiari BPGaren defizitaren datua emateak: "OCDEko herrialdeen artean ez du inork halakorik lortu".
Boterea hartu zuenetik defizita jaistea izan da PPren helburu nagusia. Xede hori aldarera igo, eta atzetik etorri diren sakrifizio guztiak murrizketaren jantziarekin defizitari begira eragin ditu Rajoyk. Baina gauza bat da Madrilgo Legebiltzarrean Rajoyk zer zenbaki botatzen dituen, %6,7koa azkena —aurretik %7 ingurukoa—, eta bestea Bruselak zer ezartzen duen. Espainiako presidentearen iragarpena leku txarrean utzi zuen Bruselak, Rajoyk datua eman eta ordu gutxira "%7 inguru" ez, baina defizita %10,2koa zela esanda. Bankuen erreskatearekin ez da akordatzen presidentea itxura batean, baina Europako Batzordeak ez du ahaztu.
2011. urtea BPGaren %9,4ko zuloarekin bukatu zuen Espainiak. Europako Batzordeak 2012rako jarritako hiru helburuak —%4,4 lehenik, %5,3 gero, eta %6,3 udaz geroztik— bete gabe utzi ditu Rajoyren gobernuak. Bata bestearen atzetik hautsi ditu Madrilek, eta azkenean 2012. urtea «%6,7ko» defizitarekin bukatu duela iragarri berri du Rajoyk. Hori da datu ofiziala, Bruselari aurkeztuko diona, baina berez handiagoa izango da, bankuen erreskatea ez baita hor agertzen.
Erkidegoek egin dituzte Espainiako Estatuan Rajoyk aipatutako "ahalegin izugarriak", baina Rajoyk beretzat hartu du meritua: "OCDEko herrialdeen artean ez du inork halakorik lortu", esan du.
2012ko uztailean Espainiak %7,75 pagatu behar izan zuen bere zorraren truke, eta %5,15 inguruan dabil orain. Amildegitik apur bat aldentzea Rajoyren politikari ala Mario Draghi Europako Banku Zentraleko buruaren promesei zor zaien da kontua, «euroa salbatzeko beharrezkoa egingo dugu» hitz ospetsuei, alegia.