Krisia autogintzari egiten ari zaion kaltea gero eta nabariagoa da. General Motorsen (GM) egoera larria agerian geratu zen AEBetako Gobernuari dirua eskatzen ibili zenean. Orain, berriz, Toyota antzeko egoeran dela ezagutu ahal izan da: 70 urtean lehen aldiz galerak iragarri ditu operazioetan; batez ere, ibilgailuen salmentetan egin dituen operazioetan.
GMri munduko lehen autogilea izatearen postua kentzeak emandako poztasunak ez dio askorik iraun enpresa japoniarrari. Izan ere, martxoan itxiko duen urteko balantzeari begira, 1.200 milioi euroko galerak aurreikusi ditu operazioetan. Batez ere autoen salmentei lotutako operazioak izango dira horiek, iaz baino %4 auto gutxiago salduko dituela iragarri baitu. Guztira, 8,96 milioi ibilgailu salduko dituela uste du mundu osoan: Japonian 2,16 milioi, eta nazioartean 6,8 milioi.
Aurreikusi baino datu okerragoak izango dira enpresarentzat, duela hilabete 4.834 milioi euroko irabazi operatiboak iragarri baitzituen. Martxora begira lortuko duen datu positibo bakarra irabazi garbiarena izango da, 395 milioi dolarreko etekina aterako duela iragarri baitu. Hala ere, iazkoa baino nabarmen txikiagoa izango da, orduan 25.325 milioi dolar irabazi baitzituen.
Yena garesti
Japoniako dirua dolarrerekiko garestitzeak ere zeresana izan du datu horietan. Autoen salmentak asko jaitsi dira historikoki indartsuak izan diren tokietan, Europan eta AEBetan, batez ere. Duela 13 urtetik ez da yena hain garesti egon dolarrarekiko. Orain horren ondorioak pairatzen ari da Toyota, baina orokorrean Japonia osoko ekonomia. Azaroan herrialde horretako gobernuak 2.500 milioi euroko defizit komertziala iragarri zuen, batez ere esportazioen jaitsiera zela-eta.
Pasa den urtearekin alderatuta, %26,7 egin dute behera esportazioek Japonian. Yena garesti egonda zailtasun gehiagorekin saltzen dira bertako produktuak AEBetan eta Europan. Baina horrek bigarren ondorio bat ere uzten du: nazioartean lortutako irabaziek balio gutxiago izatea.
Aurrera begirako aurreikuspenek ere ez dirudite hobeagoak. Katsuaki Watanabe Toyotako presidenteak berak onartu du «larrialdi egoera batean» daudela. Hala, hasi dira dagoeneko lantegietako ekoizpena jaisten eta lanpostuak kentzen; oraingoz behin-behineko 450 kenduko ditu.
70 urtean lehen aldiz galerak aurreikusi ditu Toyotak
Martxoan itxiko duen urteko balantzerako 1.500 milioi euro galtzea espero du salmentetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu