Pentsio guztiak 1.080 eurora arte osatzea eta Gizarte Segurantza propio bat eraikitzeko urratsak egitea eskatu zuten pentsiodunek ekinbidean. Bigarren parte hori Eusko Legebiltzarraren eskumenetatik at geratzen zela iritzita, tramitatzea galarazi zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk. Bide ofiziala itxi zitzaien arren, eskaerak duen indarra sinadura bilketarekin aurrera eginez erakutsi nahi izan dute bultzatzaileek.
Bilketa prozesua legeak agintzen dituen epeak eta formak errespetatuta egin dute, eta gaur eraman dituzte Eusko Legebiltzarrerako erroldara. 71.724 sinadura horiek askogatik gainditzen dute herri ekinbidea proposatu zen garaian eskatutako kopurua —30.000 sinadura ziren orduan—. Gainera, aurreko legealdiaren amaieran arauak aldatu ziren, eta uneotan 10.000 sinadura baino ez lirateke beharko.
Sinatzaileen artean "batez ere emakumeak" daudela azpimarratu dute bultzatzaileek, haien artean daudelako pentsio urrienak eta bizi baldintza txarrenak dituztenak. Plataformek egindako kalkuluen arabera, Hego Euskal Herriko pentsiodunen erdiek 600 euro baino gutxiago jasotzen dituzte hilero. Batez besteko soldata garbiaren %60 izango litzateke 1.080 euro, plataformen ustez beharrezkoa den gutxieneko ordaina.
"Hainbeste jendek halako gauza funtsezkoa eskatzen duenean legebiltzarrak ezin du beste alde batera begiratu", azaldu du Mikel Argiñarena bultzatzaileen ordezkariak. Eskaera atzera bota zenez, legez ezin izango dute beste herri ekinbide legegile bat aurkeztu heldu den legealdian. "Baina horrek ez du esan nahi beste zerbait egingo ez dugunik".