72.000 lagunen kaleratzea iragarri dute enpresa handiek

CCOOk zabaldu duenez, Conforama altzari saltzaileak 35 langile botako ditu Bizkaian

Erredakzioa
2009ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Munduko enpresa handienak milaka langile kaleratuta egiten ari dira aurre krisi ekonomikoari. Atzo, gutxienez 72.000 lagunen kaleratzea iragarri zuten zortzi konpainiaren artean. Murrizketarik handiena Caterpillarrek iragarri du. AEBetako eraikuntza tresneriako enpresak jakinarazi du 20.000 langile botako dituela.

Ez zaio urrun geratu Pfizer botikagilea. Atzo zabaldu zuen Wyeth lehiakidea erosi duela 68.000 dolarren truke, eta ondorioz, 19.000 langile sobran dituela. AEBetan ere 8.000 langile kaleratuko dituela ziurtatu zuen Sprint Nextel telefonia mugikorreko enpresak. Home Depot brikolaje saltoki kateak ere 7.000 kaleratzeren berri eman zuen eta beste langileen soldatak izoztuko dituela jakinarazi. General Motorsek 2.000 langile gehitu dizkio zerrenda beltzari.

Europan ere berri txarrak. Herbehereetako ING bankuak iragarri zuen 7.000 lagun kalean utziko dituela, eta horien artean izango dela Michiel Tilmant buruzagia. Phillips herrikideak 6.000 lagun utziko ditu lanik gabe eta Corus altzairugile britainiarrak, berriz, 3.500.

Kaleratzeak Conforaman

Maila apalagoan bada ere, Euskal Herrian ere kaleratzeak iragarri dituzte. CCOOk jakinarazi zuenez, Conforama Españak erregulazio espedientea aurkeztu du 139 langilerentzat. Horietatik 35 daude Bizkaian. CCOOk uste du Conforamak «neurriz kanpoko» neurriak hartu nahi dituela eta kaleratzeekin ez direla nahiko langile izango saltokietan. Bizkaian, orotara, ehun langile ditu altzari saltzaileak, Barakaldoko Megaparken eta Leoiako Artea merkaritza gunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.