Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Espainiako Energia Aurrezteko eta Dibertsifikatzeko Institutuak (IDAE) hitzarmen bat sinatu dute, zenbait sektoretan energia aurrezteko asmoz. Hitzarmen horren ondorioetako bat da etxetresna elektrikoak ordezkatzeko plana, eta atzo aurkeztu zuten, Bilbon. Nafarroan ere laguntzak emango dituzte etxetresna zaharrak ordezkatzeagatik, baina Nafarroako Gobernuak oraindik ez ditu baldintzak zehaztu.
EEEk emandako datuen arabera, etxeetan kontsumitzen da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den energia guztiaren %11; baina bertako etxeetako A motako etxetresna elektrikoen batez bestekoa Europako Batasunekoa baino txikiagoa da. A energia etiketa edo hobea (A+, A++) duten etxetresna elektrikoen kopurua handitu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuaren azterketa baten arabera, 2004. urtean Espainian saldu ziren etxetresna elektrikoen %43 izan ziren A motakoak.
Lau etxetresna elektriko mota ordezkatzeko eskatu ahal izango da 75 euroko diru laguntza: hozkailuak, garbigailuak, ontzi garbigailuak eta izozkailuak. Diru laguntzak ekainaren 15etik aurrera eska daitezke.
Etxetresnak ordezkatzeko planarekin bat egin duen denda batera joan behar da tresna berria erostera. Erosleak aukeratutako dendak programarekin bat egin ez badu, planean sartzeko aukera badu, EEEren webgunearen bitartez (www.eve.es). Etxetresna elektriko berriaren saltzailea arduratuko da hozkailu, garbigailu, ontzi garbigailu edo izozkailu zaharra bezeroaren etxetik jaso eta birziklatzera eramateaz.
Katalunian maiatzaren 2an jarri zen indarrean etxetresna elektrikoak ordezkatzeko plana, eta 85 eta 185 euro arteko laguntzak ematen dituzte, etxetresna motaren arabera.
GARESTIAGO AURRENA, MERKEAGO GERO. A, A+ edo A++ energia etiketa duten etxetresna elektrikoek B, C, D, E, F eta G motakoek baino energia gutxiago kontsumitzen dute, baina garestiagoak dira. Prezioan dagoen alde hori arindu eta erosleak A motako etxetresna elektrikoak erostera bultzatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak: Espainiako Gobernuaren datuen arabera, A motako garbigailu bat D motakoa baino 300 euro inguru garestiagoa da; hozkailuetan, izozkailuetan eta ontzi garbigailuetan, berriz, aldea 140-150 euro artekoa da. Baina prezioan dagoen aldea zenbait urtetan berreskuratzen da, elektrizitatean aurreztutako diruaren bitartez: ontzi garbigailua bi urte eta erdian, izozkailua hiru urte eta erdian, garbigailua bost urtean eta izozkailua zazpi urtean.
EEEren eta IDAEren arteko hitzarmena ez da etxetresna elektrikoak murriztera mugatu, baina horretan gastatuko dute diru gehien: 3,9 milioi euro. «Energia baliabideen kontsumoa areagotu gabe ongizate mailari eusteko beharra beste arlo batzuetan ere islatuko da», EEEko arduradunen esanetan. Energiaren eraldaketan, eraikuntzan, garraioan, industrian, nekazaritzan eta zerbitzu publikoetan ere abiatuko dituzte energia aurrezteko ekimenak. 15,4 milioi euro gastatuko dituzte guztira. IDAEk jarriko ditu 11,6 milioi euro eta Eusko Jaurlaritzak 3,8 milioi euro.
Erakundeek neurtu dute energia aurrezteko aurreikusi dituzten ekintza guztiekin urtean zenbat energia aurreztuko den: 40.000 tona petrolioren neurriko energia, alegia, airera 120.000 tona anhidrido karboniko ez isurtzea. «Energiarik merkeena kontsumitzen ez dena da», esan zuen atzoko aurkezpenean Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak.
############
Ekoizleek birziklatzeko ardura ere badute
J. G.Donostia
Iazko abuztuaren 13tik tresna elektrikoen eta elektronikoen ekoizleak ere arduratzen dira beren produktua birziklatzeaz. Europako Legebiltzarrak 2002ko abenduan onartu zuen lege baten arabera, etxetresna elektrikoen, ordenagailuen eta bestelako tresna elektronikoen ekoizleek aintzat hartu behar dute birziklatze prozesua produktuak diseinatzerakoan, eta bere ardura dira tresna zaborretara bota ostean geratzen diren hondakinak. Etxetresna elektrikoen prezioaren barruan dago ekoizleak bere gain hartu beharreko arduraren kostua. Europako Legebiltzarrak helburu bat finkatu zuen: herritarreko lau kilo hondakin elektriko edo elektronikoa jasotzea urtean. Espainiako Gobernuak iazko abuztuaren 13tik aurrera ezarri zien ekoizleei produktuen birziklatzeaz ere arduratzeko betebeharra.
Aparatu horien artean daude hozkailuak, garbigailuak, labeak, mikrouhin labeak, xurgagailuak, josteko makinak, kafea egiteko makinak, ordenagailuak, sakelako telefonoak, faxak, irratiak, telebistak, bideoak, DVDak, zulagailuak, jostailu elektrikoak, musika tresna elektrikoak, konpresoreak, lorategietarako tresna elektrikoak...
Bizkaian, esaterako, Indumetal Recycling enpresa arduratzen da tresna elektrikoak eta elektronikoak birziklatzeaz, Erandion. Iaz 6.270 tona hondakin elektriko eta elektroniko birziklatu zituzten bertan. Horietatik bi herenak industriatik iritsi ziren eta beste herena, berriz, etxeetako hondakinetatik. Indumetal Recyclinek akordioak ditu zenbait tresnen ekoizlerekin beren hondakinak birziklatzeko.
Ekoizleek aurreikusi dutenez, etxetresna elektrikoak ordezkatzeko planek nabarmen handituko dute beren gain hartu beharreko hondakinen kopurua.
############
Batzuetan etiketak gezurra esaten du
J. G.Donostia
Europako Batzordeak 1989an abiatu zuen energia etiketen sistema, erabiltzaileei etxetresna elektrikoen energia kontsumoaren berri emateko asmoz. Energia etiketa eduki behar dute hozkailuek, izozkailuek, garbigailuek, lehorgailuek, ontzi garbigailuek eta etxeetako argiontziek.
Energia etiketen sailkapena zazpi hizkitan oinarrituta dago: A, B, C, D, E, F eta G. A motakoek kontsumitzen dute energia gutxien eta G motakoek, berriz, gehien.
Energia etiketen sistema ezartzeko etxetresna elektrikoek urtebetean gastatzen zuten energia neurtu zuten. Batez besteko kontsumoa D eta E hizkien artean ezarri zuten, eta batez bestekoaren arabera antolatu zituzten gainontzeko mailak: B hizkia duten tresnek, esaterako, batez besteko horren %55 eta %75 artean kontsumitzen dute eta F dutenek, berriz, %110 eta %125 artean.
Baina nork erabakitzen du etxetresna elektriko batek zer motako energia etiketa edukiko duen? Ekoizleak berak kontratatutako laborategi baimendunek. Ez dago etiketa horiek erabakitzen dituen erakunde independenterik. Gainera, ekoizleek %15eko errakuntza tartea dute etiketa jartzeko orduan.
Iazko abuztuan Consumer aldizkariak zioenez, zenbait kontsumitzaile elkartek egindako azterketek erakutsi dute etxetresnek dituzten energia etiketak batzuetan ez datozela bat tresna horiek benetan kontsumitzen dutenarekin. «Sarritan etxetresna elektrikoei dagokiena baino energia maila altuagoa ematen diete».
############
Ipar Euskal Herrian ez dago diru laguntzarik berriak erosteko
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez da egon eta ez dago etxetresna elektrikoak aldatzeko diru laguntza publikorik. Aldaketa emeki-emeki eman da urteetan, Que Choisir? kontsumitzaileen elkartearen arabera. Etxeko tresna handietan, ertainetan eta txikietan emeki-emeki eman den prozesua dela diote. «Telebistekin bezala gertatu da berrikuntza, eskaintza eta ahal ekonomikoen arabera».Frantzian ez dago etxetresna elektrikoak energia kontsumoaren arabera sailkatzera behartzen dituen legerik. Hala ere, saltegi bakoitzak bere sistema arautu du. Hizkien zein zenbakien edo ikurren bidez, saltegi bakoitzak energia kontsumoaren arabera sailkatzen ditu tresnak. «Erosleen ohituretan biziki barneratua dago etxetresna elektrikoak erostean tresnen energia kontsumoari so egitea, eta jendeak energia kontsumo apaleko tresnak hobesten ditu».
############
Eusko Jaurlaritzak planarekin aurten 52.000 etxetresna elektriko ordezkatzea aurreikusi du
Saltzailea arduratuko da eroslearen etxetresna zaharra jaso eta birziklatzera eramateaz
############