Gipuzkoako Ogasunak publiko egin ditu 2013ko aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergari buruzko datuak bere webgunean. Herritarrei zerga honen inguruko "datu guztiak" erakutsi nahi dizkiela esan du Ogasunak. "Zabaldu diren hainbat aurreiritzi eta zurrumurru gezurtatzeko balio dute", esan du Xabier Olano Ogasuneko zuzendariak.
Aberastasunaren zergaren batez besteko tasa efektiboa %0,4889 da. Gipuzkoan aitortutako aberastasun likidagarria 11.750 milioikoa izan zen 2013ko aitorpenean, eta ordaintzeko kuota, berriz, 57,2 milioikoa izan zen. Alegia, 7.878 gipuzkoarrek 57,2 milioi euro pagatu zituzten 2013an fortuna handien zergaren bidez.
Zerga horrek enpresei kalte handia egiten diela zabaldu dute hala PPk nola EAJk, berau onartu zenetik, eta Olanok teoria hori baztertu nahi izan du zebakien bidez. 7.878 gipuzkoar horietatik gehienek (5.877) ez dute enpresetan partaidetza hobariturik. 2.001ek baino ez dituzte enpresetan partaidetza hobarituak. Olanoren arabera, "ez da egia aitorpen guztien atzean enpresak daudenik". Zergadunen %25,4k dauzkate soilik
Datu gehiago ere eman ditu Ogasun zuzendariak zerga jakin horren inguruan. Aitorpenen %77k (6.086) 1,5 milioi baino gehiago dute, eta 3 milioi baino gutxiago. Horiek haien aberastasunaren %0,36 baino gutxiago ordaintzen dute. Gainera, 7,1 milioitik gorako aberastasuna duten 289 pertsona daude Gipuzkoan, eta horiek %0,62 ordaintzen dute, batez beste. Sexuaren arabera, berriz, emakumeek aitortutako aberastasunaren %51 dute.