Protestekin jarraitzen dute sindikatuek eta ikasleek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. CGTk A-63 errepidea blokeatu zuen atzo, Biriatuko ordainlekuan, eta auto ilara handiak sortu ziren. Oldartu kolektiboak, berriz, Crama erretreten erakundearen bulegoa okupatu zuen Baionako Foch etorbidean.
10:00etatik 17:00etara egon ziren bulegoan. 50 eta 150 pertsona inguruk parte hartu zuten protestan. Alabaina, jendeari irekita egon zen bulegoa. «Gure helburua hori zen, ahalik eta jende gehienari azaltzeko zein diren gure helburuak eta ekintzak», azaldu zuten protestan egon zirenek. Han ziren langileek ere harrera ona egin zietela zioten, eta eskerrak eman zizkieten eskainitako elkartasunagatik. Ikasleek ere egin zuten protesta Baionan.
Maulen, berriz, elkarretaratzea egin zuten. 200 bat pertsona bildu ziren Postaren aitzinean. Herriko etxeko langileak, irakasleak eta beste hainbat pertsona bildu ziren. Ikasleen ordezkariak ere izan ziren, eta langile eta ikasleen arteko elkartasuna beharrezkotzat jo zuten haiek.
Gaur jarraituko dute protestek. Baionan, 07:15ean hasiko dira, France Telecomen aurrean. Greban diren enpresako langileei babesa emango diete, eta, ondoren, elkarrekin joango diraGrenet zubiaren ondoko biribilgunera. Blokeatze handi bat egitea espero dute, CGT eta FSU sindikatuekin batera. Hendaian, 09:00etan bilduko dira, herriko etxearen aurrean. Donibane Garazin, 18:00etan, herriko etxearen aitzinean bilduko dira.
Herenegungoa erreformaren aurkako Ipar Euskal Herrian egindako protestarik handienetakoa izan zen. Sindikatuek egindako kontaketaren arabera, 19.000 pertsonak parte hartu zuten Baionan egindako manifestazioan.
A-63a, blokeatuta, eta Crama, okupatuta
Gaur ere erreformaren aurkako protestak izango dira Baionan, Hendaian eta Donibane Garazin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu