HEGAZKINGINTZA

A380 hegazkintzarra

Munduko aireko handiena harro aurkeztu du Europak, bere aeronautika industriaren boterearen ikur gisa

Irune Lasa.
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Munduko hegazkin handiena izateaz gain, Europako aeronautika industriaren ikurra da Airbusek atzo aurkeztu zuen A380 hegazkina; Europako industriaren ikur eta, azken finean, Europaren beraren ikur gisa ere aurkeztu nahi izan dute, munduko beste hegazkin handien egile bakarrari ÐAEBetako BoeingÐ gailendu zaiolako aparatu handienen merkatu nitxoan.

Aurkezpen ofiziala atzo egin zuten, baina hegazkinaren lehen hegaldi ofiziala 2006. urteko erdialderako espero dute, Singapore Airlines konpainiaren eskutik. Konpainiak jende askoko ibilbideetarako erabili nahi du A380a, Londres, New York, Tokio eta Sydney artean. Airbus konpainiaren %20 BAE System talde britainiarrarena da. Beste %80 EADS European Aeronautic Defence and Space Company partzuergo europarrak du. Eta EADSren jabe nagusiak hauek dira: DaimlerChrysler alemaniarra (%30), Lagardere talde frantziarra (%15), Frantziako Estatua (%15) eta Espainiako SEPI (%5,5). Hegazkinaren europartasun horren erakusgarri izan daiteke haren eraikuntzarako egitura. Airbusen 16 lantegitan egin dira pieza nagusiak, eta lau itsas portutan zentralizatu. Hegalak Galesen egin dira (Broughton), atzealdea Alemanian (Hanburgo), isatsa Espainian (Cadiz) eta kabina eta erdiko zatia Bretainian (Sant Nazaer). Portu horietatik itsasoz aurrena, Garona ibaitik gero eta Langondik errepidez azkenean iritsi dira osagai handiak Tolosara (Okzitania). Han eraiki da Jean Luc Lagardere konplexua, hegazkin erraldoia muntatzeko. Europako eraikin estali handiena dela diote, eta munduko handienetakoa. 450 metroko luzera, 250 metroko zabalera eta 46 metroko altuera du konplexuak,guztira 50 hektarea, eta azken muntaiarako lekuak 10 hektarea ditu. 32. 000 tona altzairu erabili ziren hangarra egiteko, Eiffel dorrea halako lau. Izan ere, zenbaki guztiak dira erraldoiak A380arekin, bidaiari kopurutik hasita. Bi solairurekin, hegazkinaren modelo tipoa 555 bidaiarentzakoa da, hiru klasetan banatuta (22 lehen klasean, 96 business-ean eta 437 turista klasean). Denak turista klasean jarriz, 840 bidaiari eraman ditzake. 555 bidaiarikoa da, hala ere, Airbusek komunikabideetan saldu duen eredua. Esaterako, bezeroak hala nahi izanez gero, gimnasioa ere jar daiteke, edo kasinoa edo diskotekak. Hegaldi sofistikatuaren ideia gustatuko zaio, agian, xeke arabiarren bati. Baina zenbait adituren ustez, aire konpainiek, euren inbertsio handia amortizatu nahian, gehiago joko dute bidaiari ahalik eta gehien sartzera eta hegazkina sardina lata handia bilakatzera. A380ak badu, jakina, kargarako modeloa ere; 150 tona eraman ditzake. Ezaugarri teknikoei dagokienez, Airbusek harro esaten du A380a teknologia berrietan aitzindaria izan dela. Pisua zen, jakina, horrelako hegazkintzarraren inguruko kezka handienetako bat. Karbono zuntzeko plastikoen erabilerak, esaterako, aluminio aleazio onenaren aldean, tona bateko pisu murrizketa ahalbidetu du A380an.

Jumbotik superjumbora

Orain arteko hegazkin handiena 1970ean sortutako Boeing 747 Jumbo ezaguna zen, 419 bidaiari hartzeko ahalmenarekin. 35 urtean 1.400 B747 saldu dira, iaz, baina, 15 bakarrik. Boeingek ez du A380arekin merkatuaren zoko horretan lehiatzeko beste alternatibarik. Aldiz, orain arte, Airbusek 139 A380 saldu ditu eta datozen 20 urteetan horrelako 1.250 hegazkin salerosiko direla uste du.

Aireportuak horrelako hegazkin erraldoia hartzeko gai izango diren ala ez, izan da ika-mikarik horren inguruan ere: «Konpetentziaren difamazio kanpaina bat» salatu berri Noel Forgeard Airbuseko presidenteak. Munduko 50 aireportu A380 hartzeko gai direla dio konpainiak. Europan, Londres, Frankfurt eta Paris daude prestatuta, Jose Juezen arabera. Malagakoa ere prestatuko dute agian, xekeak direla eta. Aireportuetan arazoa ez da izango, hala ere, hegazkinaren tamaina, bidaiarien kopurua maneiatzea baizik.

-

EUSKAL ENPRESAK



 

Hogei urterako lana, bermatuta





Hiru euskal enpresa Airbusen bazkide izan dira, arrisku partekatu bidez, A380 garatu eta egiteko programan: Gamesa Aeronautica, SK-10 eta ITD (ITPren filiala). Beste enpresa txikiago batzuk, berriz, tresneria, osagaien tratamendua eta antzeko lanak egin dituzte Airbusentzat zuzenean, edota beste konpainiek azpikontratatuta.

Ehunka milioi euro inbertitu ditu sektoreak garapenean, eta hemendik aurrera, «ekoizpen lanak hasten direnean, programan hegazkin modeloaren bizitzan hogei-hogeita hamar urtetarako lana bermatuta izango dute enpresek», ziurtatu zuen atzo Aeronautika Clusterrak. Fakturazioa, berriz, zaila da neurtzen oraindik, baina ehunka milioi euro itzuliko direla uste du Clusterrak. ITPk, esaterako, 1.700 milioi euroren diru sarrerak espero ditu datozen hogei urteetan Trent-900 motorraren behe presioko turbina egitetik. A380ak bi motor mota eraman ditzake, eta horietako bat da Trent 900. Motor hori egiterakoan Rolls Royceren bazkide nagusia da ITP, %16,6ko parte hartzearekin. Konpainiaren arabera, merkatuko motor garbi eta isilena da Trent 900 eta egungo motorrek baino %20 gutxiago kontsumitzen du. A380aren motor izateko lehiakide izango dute Engine Alliance partzuergo estatubatuarraren (General Electric, Pratt eta Withney) GP7200. «Rolls-Roycek sei hilabeteko aldea ateratzen dio besteari, eta horregatik erabiliko da hegazkinaren lehen entsegu hegaldietan eta lehen entregatzeetan», esan du ITPk.Euskal aeronautika sektoreak4.350 lanpostu biltzen zituen 2003aren amaieran. 680 milioi euroko fakturazioa erdietsi eta 141 milioi euro inbertitu zituen ikerketa eta garapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.