J.A.R. Aballa SM enpresako langile lasartearrari gertatutakoaren zergatia jakiteko "goizegi" da, Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegitura diputatuaren ustez, Diputazioa, Osalan eta Ertzaintza "era koordinatuan" egiten ari diren ikerketen emaitzen zain baitaude, baina "behin-behinean eta badaezpada" atera dute Deskargako lanetatik enpresa.
Ugartek jakinarazi duenez, joan den ostiralean bilera egin zuen sindikatuekin, eta ostegunean berriz egitekoa da beste bilera bat G-632ko lanen jarraipen zuzena egiteko asmoz. Argi utzi nahi izan du, hala ere, ikuskatze lanak Jaurlaritzari dagozkiola baina diputazioak erabaki zuela "neurri osagarriak" hartzea obra publikoen sustatzailea den aldetik.
Sindikatuek uste dute kamioiaren galga sistemak huts egin duela, makinariaren mantentzeak, alegia. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek salatu zuten «azpikontratazio politikaren ondorioz» hil zela. Kamioia hamar metroko altuera duen lubeta batetik behera erori eta irauli zen. Kamioitik salto egin zuen gidariak azken unean, baina azpian harrapatu zuen makina handiak. Larrialdi zerbitzuak eta suhiltzaileak bertaratu ziren, baina ezin izan zuten onik atera.