ABBren egoera ez dela hain larria esan dio Jaurlaritzak Lan Sailari

Madrilen erabakiko da Trapagarango 160 kaleratzeak onartu edo ez; Jaurlaritzak dio ez direla beharrezkoak

Erredakzioa
Bilbo
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Lan Sailari dagokio ABB enpresak aurkeztutako erregulazio espedientea onartu edo ez erabakitzea, Hego Euskal Herriko nahiz Espainiako lantegiei eragiten dielako. Trapagaranen 160 langile kaleratu nahi ditu Suitzako multinazionalak. Jaurlaritzako Enplegu Sailak txostena bidali du Madrilera, dosierraren aurka dagoela azalduz.«Enpresaren eta taldearen egoera ez dira kontratuak deuseztea bezalako neurri latzak hartzeko bezain larriak», esan du.

Hainbat arrazoi eman ditu Gemma Zabaletak zuzentzen duen sailak. Alde batetik, espedientea ez dela arrazoi ekonomikoengatik aurkeztu azaldu du. «Transformadoreen eskaera jaitsi egin dela dio, baina arrazoien balorazioa egiteko enpresaren emaitzak ere kontuan hartu beharko lirateke». ABB taldeak 2.561 milioi dolar irabazi zituen iaz (1.800 milioi euro inguru).

Jaurlaritzaren arabera, «aukera traumatikoenaren alde» egin du enpresak, bestelako neurriak aztertu ere egin gabe. «Aldi baterako edo lanaldia murrizteko espedientea aurkezteko aukera ere bazuen». Horrez gain, merkatu berriak aztertzeko ahaleginik ere ez egitea leporatu dio ABBko zuzendaritzari. Langileak «gazteak eta prestakuntza handikoak» direla direla gogoratu du; baita lantokiak «malgutasunerako eta ekoizpena egokitzeko aukerak» ematen dituela ere.

Txostenean, berregituraketa planari buruz enpresak eman duen informazioa ez dela osoa ere jarri du Jaurlaritzak.«Zehaztasuna falta da sortu nahi den zerbitzuen eskualde zentroaren jarduera berriari buruz».

Langileak, haserre

Negoziazio epean, hainbat bilera egin zituzten zuzendaritzak eta beharginek. Ez zuten, ordea, akordiorik lortu. Langileen arabera, kaleratzeen atzean lantokia ixteko asmoa ezkutatzen du zuzendaritzak. Hala, hainbat protesta egin dituzte espedientea salatzeko. Besteak beste, esklabuz jantzita manifestazioa egin zuten Bilbon, baita arroparik gabe bideo bat grabatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.