Barack Obamak hilaren 20an hartuko du AEBetako presidente kargua, eta 1945etik herrialdeko langabeziak izan duen emaitzarik okerrenari aurre egin beharko dio: guztira, 2,6 milioi lanpostu galdu dira 2008an, eta horietatik 524.000, abenduan bakarrik.
2008aren amaieran urte hasieran baino 2,6 milioi langabe gehiago daude AEBetan, eta horietatik 1,9 milioi lagunek urteko azken lau hilabeteetan galdu dute enplegua; hein handi batean, krisiak eraginda. Gisa horretako datuak bilatzeko, 1945ra egin behar da atzera,II. Mundu Gerra amaitu zen urtera. Orduan, 2,75 milioi lanpostu kendu zituzten AEBetan. Azkenekoz, 1982an izan zuten antzeko egoera, 2,1 milioi lagun geratu baitziren lanik gabe.
Datuak larriak diren arren, adituek uste baino hobeak dira. Bloombergekoek oraindik eta datu okerragoak espero zituzten abendurako, 550.000 lanpostu ere galdu zitezkeela uste baitzuten.
Horrenbestez, langabezia tasak ere hazkunde nabarmena izan du 2008an: %7,2raino iritsi da, 1993ko urtarriletik izandako tasarik handienera. Hamabi hilabetezjarraian, sortu diren lanpostuak baino gehiago galdu dira AEBetan.
Abenduan bakarrik, 524.000 lanpostu galdu dira AEBetan
2008an, 2,6 milioi lagun gehiago geratu dira langabezian, kopururik handiena 1945. urteaz geroztik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu