Abendura arteko dosierra Goialde eta Nubiolako 84 langilerentzat

Bi enpresetako langileek protestak egingo dituzte enplegua erregulatzeko dosierrak salatzeko

Miren Garate.
Donostia
2009ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Nubiola Pigmentosek 42rentzateta Goaialdek beste 42rentzat. LAB eta ELA sindikatuek jakinarazi dutenez, bi enpresa horiek enplegua erregulatzeko dosierrak aurkeztu nahi dituzte 84 langilerentzat. Onartuz gero, abendura bitartean iraungo lukete.

Laudion (Araba) du lantegia Nubiola Pigmentosek, eta koloreztatzaileak eta pigmentuak egiten ditu. ELAren arabera, enpresak aurkeztu nahi duen dosierra «iruzur hutsa» da. 2006, 2007 eta 2008 urteetan 3,5 milioi euro baino gehiago irabazi zituela esan du, eta kaleratzeen bidez 350.000 euro aurreztu nahi dituela gaitzetsi du. «Nubiolaren kasuak erakusten du nola enpresa asko krisiaz baliatzen ari diren».

Sindikatuak gogoratu du abenduan aldi baterako kontratuak zituzten langile guztiak kaleratu zituela Nubiolak. «Bi hilabete bakarrik pasatu dira, eta berriro langileen aurka egin nahi du, krisia langileek ordain dezagun».

Dosierra salatzeko, gaur elkarretaratzea egingo du langile batzordeak -ELA, LAB, UGT eta CCOO-enpresaren aurrean. Era horretan, Lan Sailari eskatuko diote ez onartzeko kaleratzeak.

Goialdek Zestoako (Gipuzkoa) Arroa auzoan du lantegia. Mekanizatu zerbitzuak eskaintzen ditu makina-erreminta eta aeronautika sektoreentzako. Bi astean lan egin eta hurrengo bietan langabezian egotea proposatu du enpresak. «Uler dezakegu enpresak enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztea, baina eskatzen dugu idatziz bermatzea lanpostuak mantenduko dituela», esan du Javier Fernandezek, LABek enpresa batzordean duen ordezkariak.

Langileen ordezkariek eta enpresako zuzendaritzak hainbat bilera egin dituzte, baina Etxezarretaren hitzetan, ez dute inolako akordiorik lortu. Hala, langileek dosierraren aurka protesta egingo dute larunbatean Eibarren (Gipuzkoa). Izan ere, enpresa berez hangoa da. Unzaga plazan izango da elkarretaratzea, eguerdian.

Protestak Arcelorren

Arcelor Mittaleko langileen egoera ere salatu du LABek. Siderurgiako munduko enpresarik garrantzitsuenak hainbat neurri jarri nahi ditu indarrean, «merkatuaren egoera txarra delako». Sindikatuak adierazi duenez, langile kopurua ekoizpenera egokitzea, lanaldiak malgutzea, soldatak ekoizpenaren araberakoak izatea, oporrak aurreratzea, 2009an soldatak ez igotzea eta enplegua erregulatzeko dosierretan kolaboratzeko eskatu die sindikatuei.

LAB ez dago ados neurri horiekin. Arcelor Mittalek iaz 9.400 milioi euro irabazi zituela esan du, eta gaur egun ere irabaziak ari dela edukitzen gaineratu du. «Akziodunei dibidenduak ere banatuko dizkie».

«Neurri antisozial» horiek salatzeko, enpresak Euskal Herrian dituen lantoki guztietan protestak egingo ditu hilaren 9an. Guztira zazpi ditu. Gainerako sindikatuei ere mobilizazioetan parte hartzeko eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.