Interes tasak eta ezohiko moneta politika aldatu gabe utzi ditu gaur EBZko Gobernu Kontseiluak. Diruaren prezioa %0 da gaur egun, eta banku zentraleko gordailuan dirua uzten duten finantza erakundeei %0,4 kobratzen zaie, tasa negatiboak indarrean jarrita. Halaber, hilero ekonomiari 80.000 milioi sartzen dizkio, herrialdeen eta konpainien zorpetzea erosita.
Zazpi aste barru, abenduaren 8an, urteko azken bilera du kontseiluak, eta moneta politikaren etorkizunari buruzko argibide zehatzagoak emango dituzte orduan. "Esango dugu zein izango den hurrengo aste eta hilabeteetarako jokabidea", aurreratu du Mario Draghi EBZko presidenteak.
Aurreko batzarrean iragarri zuten eskatu zaiela bankuko teknikariei bonu erosketak interes tasa baxuei egokitzeko moduak bilatzea. Lan horiekin jarraitzen dute bankuko batzorde ezberdinek, baina azken erabakia kontseiluak hartuko duela esan du Draghik. "Ikusi nahi ditugu datu erabilgarri guztiak eztabaida hori egiteko", zehaztu du.
Hasiera batean, bonu erosketak heldu den martxora bitarteko epemuga jarrita du, baina programa hasi zenetik amaierako ohar garrantzitsua atxiki dio EBZk egutegi horri, esanez erosketak luzatuko direla igo arte epe ertainera begirako inflazio aurreikuspenak.
Inflazioari begira
Iraileko inflazioa %0,4 izan zen eurogunean, eta oraindik ere ez dutela igotzeko joera argirik ikusten azaldu du Draghik. Bankuak legez ezarrita duen mandatua da prezioen egonkortasuna, eta hori lortzeko inflazioa %2tik hurbil baina azpitik egotea lortu behar du. Bonu erosketak alde batera uztea erabaki baino lehen inflazioaren goraka hori "sostengarria" dela egiaztatu nahi du banku zentralak. Edonola ere, Draghik iragarri du programa hori ez dela egun batetik bestera amaituko. Hots, erosketen erritmoa gutxituko da iturria erabat itxi aurretik.
Interes tasa baxuak direla-eta finantza sektoretik egiten zaizkien kritikei aurre egin die EBZko buruak. Politika horren bidez finantzazio baldintzak erraztu, eta susperraldiari laguntzen zaiola argudiatu du: "Interes tasa baxuek funtzionatzen dute, beste jurisdikzio batzuetan funtzionatu duten bezala".
Draghik hizpide izan du baita ere Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak bankari zentralen politikei egindako kritikak. Mayren ustez, bonu erosketa programek —QE bezala ezagutzen direnek— areagotzen dituzte desberdintasun ekonomikoak, dirudunentzat mesedegarri direlako. Akusazioa ukatu EBZko presidenteak, Bundesbanken txosten bat baliatuta. "Laburrera begira agian bai, aktiboak aberatsenei erosten zaizkielako, baina luzera begira politika horiek desoreka ekonomikoa murrizten dute", ziurtatu du.