Desberdintasuna

Aberats berri bat bi eguneko

Oxfamek ohartarazi du joan den urtean munduko %1 aberatsenek sortutako aberastasun guztiaren %82 bereganatu zutela.

Munduko buruzagi politikoak eta enpresaburuak Suitzako Davos hirian bilduko dira asteon World Economic Forum batzarrerako. LAURENT GILLIERON / EFE
Ivan Santamaria.
2018ko urtarrilaren 22a
14:39
Entzun

Munduko enpresaburu eta politikariak World Economic Forum batzarrean bilduko dira asteon Davosen (Suitza). Bilkuraren aurretik, Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak azterketa berri bat kaleratu du aberastasunaren banaketari buruz.

Txostenaren egileek nabarmendu dute geroz eta desoreka handiagoa dagoela aberastasunaren banaketan, eta hainbat datu esanguratsu plazaratu dituzte. Esaterako, 2016ko martxotik 2017ko martxora bi eguneko aberats berri bat sortu zen. Bilioi bat dolarretik (816 milioi euro) gorako fortunak dituztenak sartzen ditu Oxfamek zerrenda horretan.

Gaur egun, 2.043 pertsonak dauzkate bilioi dolar bat baino gehiago pilatuta. Hamarretik bederatzi gizonak dira. Munduak sortzen duen aberastasunaren banaketa kritikatu du Oxfamek. Hala, munduko %1 aberatsenek sortutako aberastasunaren %82 bereganatu zuten. Aldiz, %50 txiroenak —3.600 milioi pertsona— ez zuen inolako hazkunderik lortu.

Krisiaren bigarren fasea bereziki onuragarria izan da fortuna handientzat. 2010etik aurrera euren aberastasuna %13 handitu da urtero, batez beste. Bitartean, langile arrunten soldatak urtean %2 hazi dira. "Bost moda marka handietako presidenteek lau egunetan irabazten dute Bangladeshko ehungintzako langile batek bizitza osoan lortuko duen dirua", zehaztu du azterketak.

Akziodunen eta exekutiboen ordainak hainbeste igotzea bultzatzen ari diren hainbat faktore aipatu dituzte egileek: langileen eskubideen higadura, enpresa handien gehiegizko eragina gobernuen politika erabakietan, eta akziodunei geroz eta etekin handiagoak bermatzeko asmoz kostuak murrizteko joera etengabea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.