Bartzelonan negoziatu dute espedientea, eta han nahiz Madrilen onartu, UGT, CCOO eta USO sindikatuen oniritziarekin. Izan ere, Hego Euskal Herrian ez ezik, Espainian eta Katalunian ere izango du eragina. 390 lanpostu kenduko ditu haietan. Hainbat fasetan aplikatuko du dosierra; herenegun hasi zen, eta 2015eko abenduaren 15era arte iraungo du. Kilometro kopurua kontuan hartuta, Europako autopisten hirugarren operadorea da Abertis, eta Ibex-35eko enpresa nagusietako bat.
LAB ez dago ados neurriarekin. «Espediente hau gizarte osoari egindako iseka da». Lanpostuak amortizatu beharrik ez dagoela dio. Sindikatuak emandako datuen arabera, Abertisek 100 milioi irabazi zituen 2008an eta 2009an; 560 milioi 2010ean; eta ia 600 milioi iazko lehen bederatzi hilabeteetan. Akziodunen artean ere errentagarritasun handiko dibidenduak banatzen dituela gogoratu du. «Aski baliabide ditu lantalde murriztu beharrik ez izateko». LABen esanetan, kontuan hartu behar da errelebo kontraturik ere ez duela egingo, eta horrek eragina duela enpleguan.
Koyo
Gutxieneko kalte-ordainaPizgarririk ez du proposatu Bilboko Koyok —lehengo Timken—. Lan erreformaz baliatuta, 13 langile kaleratu ditu. Lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko kalte-ordaina jasoko dute, hamabi hilabeteko gehienezko mugarekin. Gainerako langileei, 80 ingururi, bederatzi hilabeteko espedientea aplikatuko die.
ELAk salatu egin du neurria. «Enpresa honen ibilbideko beste gertakari bat da». Orain urte batzuk ere, artean Timko izena zuenean, lan gatazka izan zen enpresa. Bederatzi lankideren kaleratzeak salatzeko eta lan hitzarmena eskatzeko hemezortzi hilabeteko greba egin zuten beharginek, 2009ko martxotik hasita. «Enpresak nagusikeriaz jokatu nahi izan zuen, baina langileek aurre egin zioten».
TS Fundiciones
Berriak ere, kaleratzeakZestoako TS Fundicioneseko kasua ere gaitzetsi du ELAk. Zuzendaritza berria du enpresak, eta hark bultzatutako berregituraketen ondorioz, hamasei lanpostu suntsitu direla dio. Aldi baterako laneko enpresen bidez kontratatutakoak dira 11, eta gainerako bostak, teknikariak. «Gure apustua TS bideragarria izatea da; langileek baldintza duinak izatea eta lanpostu gehiago ez suntsitzea», dio ELAk. Azken urteetan hainbat espediente aplikatu ditu enpresak, eta 2009tik soldata izoztuta dute langileek.
Bridgestone
Dosierra bai, xehetasunik ezBasauriko lantegirako erregulazio espedientea aurkeztu duela iragarri du Bridgestonek ere. Ez du argitu ez zenbat langileri eragingo dien, ez zenbateko iraupena izango duen. Langileen ordezkariek ere ez dute xehetasunei buruzko informaziorik. Etzi izango da zuzendaritzaren eta langileen arteko bilera.
Otsailean, Eusko Jaurlaritzak baimena eman zion enpresari 900 langileri dosierra aplikatzeko. Otsailean, martxoan eta apirilean kontratuak 30 egunean eteteko aukera eduki du. Iazko urte amaieran ere 15 eguneko espedientea onartu zion, orduan ere langile kopuru berberari eraginez. 1.200 langile aritzen dira lantokian.
Tubos Reunidos
Gaur, grebanEspedientea ez, lan hitzarmena ari dira negoziatzen Amurriko Tubos Reunidosen. «Zuzendaritza lan erreforma aplikatu eta gure hitzarmena edukiz hustu nahian dabil», adierazi du langile batzordeak. Negoziatzeko borondaterik ez duela salatzeko, 24 orduko lanuztea egingo dute gaur. Tubos Reunidosek 19 milioi irabazi zituen iaz, eta aurten emaitza hori hobetzea espero du. «Guri soldata jaitsiera eta lan erreformako neurri atzerakoienak eskaini dizkigu».
Mercedes
Bost milioi ordaindu beharMercedesen, berriz, Auzitegi Gorenak arrazoi eman die langileei. ELAren arabera, 2008. eta 2009. urteetako itunak KPIaren %2ko igoera aurreikusita adostu ziren. Azkenean, ordea,%1,4koa eta %0,8koa izan ziren igoerak, eta enpresak ezberdintasun hori soldatetarik deskontazea erabaki zuen. Orain, bost milioi euro ordaindu beharko dizkie langileei.