Euskal Herriko Unibertsitateak Eibarren duen egoitzan egin dute bilkura. Elkartutakoek ezinbestekotzat jo dute "ezartzen ari diren politika neoliberalak errotik aldatzea eta eraldaketa politiko eta soziala bultzatzea".
Eskubide Sozialen Gutuna bultzatzen ari direnek ez dute nahi "injustizian oinarritutako Euskal Herria". Aitzitik, "lan eskubideak eta justizia soziala" oinarri hartzen dituen Euskal Herria nahi dute: "Pertsonen arteko botere harreman hierarkikoak gaindituko dituen eta herritar guztien parte hartze soziopolitikoa bermatuko duen Euskal Herria nahi dugu".
Halaber, gutuna erakunde publikoak ezartzen ari diren politikak aldatzeko tresna izatea nahi dute. Horren harira, gutunaren eraketan herritarren parte hartzea sustatzeko asmoa adierazi dute. Urte amaierara arte ariko dira agiria idazteko lanetan.
Gaur proposatutako metodologia ekainean onartzea espero dute. Gutunaren lehen zirriborroaz eztabaidatuko dute urriaren 5ean egingo duten batzarrean, eta, onartua izanez gero, sektore, eskualde eta herrietara eramango dute eztabaida. Behin betiko dokumentua abenduaren 14rako prest izatea nahi dute.