ALDI BATERAKO LANA

ABLEek iaz 118.737 kontratu egin zituzten EAEn, %7,2 gehiago

AGETTen ustez, eraikuntza bezalako esparruetan esku hartuko balute, laneko istripuak gutxituko lirateke

BILBO
2004ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Gu gara behin-behineko eskulan premia hobekien ase dezakegunak». AGETT, Espainiako Aldi Baterako Lan Enpresa (ABLE) handiak biltzen dituen erakundeak prentsaurrekoa eman zuen atzo Bilbon, iaz Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian lortutako emaitzak jakinarazteko. 81.502 kontratu egin zituen 2002an baino %7,5 gehiago, eta inoiz baino diru gehiago fakturatu zuen: 100 milioi eurotik gora.

Kexu zen, ordea, AGETTeko presidente Juan Ramon Caso: «Tamalez, ez digute eraikuntzaren moduko sektoreetan esku-hartzen uzten. Ateak irekiko balizkigute, laneko istripuak ondo murriztuko lirateke. Beharginen eskubideak eta lan baldintzak inork baino hobeto babesten baititugu guk». ABLEen «eraginkortasuna» frogatzeko eta gizartean «behar-beharrezkoak» direla azpimarratzeko, AGETTen joan den urteko emaitza ekonomiak zehaztu zituen Casok. 81.502 kontratu egin zituen. 118.737tik gora ABLEk, %7,2 gehiago. 24 urtetik beherako gazteek jo zuten ABLEetara ororen gainetik: %41,6k alegia. Baina 45 urtetik gorako gero eta herritar gehiago erakarri zituzten. %5,9 2003an, %4,8 2002an. Generoari dagokionez, gizonak izan ziren kontratatutakoen %58,7. Casok azaldu zuenez, azkenaldion gizonezkoen kopuruaren pare kokatu da emakumezkoena, eta «lan munduan murgiltzen hasi diren seinale» da hori.

Zenbat eta eskumen gehiago, «langileentzako hobe»

ABLEk, dena den, aldi baterako kontratuen %20,8 «bakarrik» kudeatu zituen. Ildo horretatik, Casok ohartarazi zuen Europako herrialde garatuenetan ABLEk «ia behin-behineko eskulan guztia» kudeatzen dutela: «Maila hortara iritsi beharko genuke hemen eta horretara goaz. ABLEen hazkundea enpleguaren batez besteko hazkundea baino handiago izan zen iaz».

Aitzitik, Casok deitoratu zuen «oraindik urriak» direla ABLEn eskumenak, «enpresaburuak ohartu arren eskulana hobekien maneiatzen duten enpresak» direla. Eraikuntza jarri zuen adibidetzat: «Ez dugu esku-hartzerik arrisku handiko sektoreetan. Oker handia da hori, ABLEk ondo baino hobeto prestatzen baitituzte langileak beharrean hasi aurretik. Ez, hala, azpikontratek. Horiek dira ganorarik gabeko enpresak. Guri hainbat kontrol egiten dizkigute, ezen ondo baino hobeto zaintzen ditugu langileen eskubideak eta lan baldintzak». Casok esan zuen badabilela zurrumurru bat ABLEk laneko istripuak lotzen dituena. «Gezur hutsa» da hori. «Gezurra da», halaber, ABLEek behin-behinekotasuna areagotzen dutela: «Guk merkatuko aldi baterako lan premia asetzen dugu, besterik ez». Enpresen beharrei erantzuteko, «ekonomia berpizteko eta, oro har, «gizartean aberastasuna sortzeko», Casok nahitaezko iritzi zion ABLEen eskumenak handitzeari. «Esparru guztietan» jardun ahal izatea litzateke «zentzuzkoena».Casok, gainera, nabarmendu zuen ABLEek beste enpresek baino diru gehiago pagatu behar diotela Gizarte Segurantzari langileak kontratatzeagatik. «Zigorrak» ezabatzeko eskatu zuen, «oharkabean, administrazioa enpresei esaten ari zaielako merkeagoa dela langileak azpikontraten bidez hartzea, langileen euren kalterako, noski».

Azkenik, Casok iragarri zuen ABLE kopuruak behera egin duela Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. 49 zeuden 2002an, hiru gutxiago iaz. Indar gutxiagoko ABLEak desagertu ei dira, eta «sasoi hobeagoan» daude besteak.

.

-

ELKARLANA



 

Ituna egingo dute laster UGT eta CCOOrekin





Aldi Baterako Lan Enpresek gizartean daukaten irudia hobetu egin dela azaldu zuen AGETTeko presidente Jose Ramon Casok atzoko agerraldian. Ildo horretatik, jakinarazi zuen sindikatu batzuekin gero eta harreman hobeagoa daukatela. UGT eta CCOOrekin, alegia. «Hitzarmen handia sinatuko dugu laster, fundazio bat sortu eta behin-behineko enpleguaren inguruko azterketak, hitzaldiak eta beste egiteko», azaldu zuen. Hausnarketa bateratua egin nahi dute aldi baterako beharginen egoeraz. Casok, gainera, jakinarazi zuen CCOO eta UGT jada «tresna fidagarritzat» dituztela ABLEk. Dena den, ohartarazi zuen oraindik badaudela erakunde horien aurkako borrokan dabiltzan sindikatuak. «Ohartu behar dira beti egongo dela behin-behineko eskulan premia, eta ABLEk desagertuta ere, bere hartan iraungo duela», zehaztu zuen AGETTeko presidenteak.

-

Datua





46

2002tik hona hiru Aldi Baterako Lan Enpresa desagertu dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian: 49 zeuden lehen, 46 orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.