Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak Onda Vascan eginiko elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok. Elkarrizketa sozialaren mahaian ELAk parte ez hartzea erabaki izanaz jardun du Aburtok.
Haren ustez, "une egokia" da ikusteko "zein ekarpen egin dakiokeen gizarte elkarrizketatik" krisialdi ekonomikoaren irtenbideari, eta, beraz, ELAk "bere buruari galdetu beharko dio zein ekarpen egiten ari zaion herri honi". Aburtok ELAri egotzi dio "arazoa izatea erabaki izana, eta hori aldatzen ez den bitartean afiliatuek erabaki beharko dute zer egin behar duten".
LABez ere jardun du. Sindikatu horrek "posizionamendu kritikoa" du, baina, "baldintzekin, parte hartzearen aldekoa" da, Aburtoren esanetan. Zentzu horretan, esan du "oso baikorra" izango litzatekeela metalaren hitzarmenak sinatzea.