Lan merkatua

Aburtok itun kolektiboak sinatzea nahi du, erreformaren aurkako "antidotorik onena" hori delako

"Elkartze gune bat" topatu arte sindikatuek eta patronalak "ahaleginak" egiten jarraitu behar dutela uste du Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak.

xabier martin
2013ko irailaren 28a
18:41
Entzun

Juan Maria Aburto Enplegu sailburuak esan du Jaurlaritza hasieratik saiatu dela " sindikatu eta patronalaren arteko azken urteotako mesfidantza harremari buelta ematen". Harreman horiek erabat gaiztotu dira euskal patronalak Espainiako Gobernuak onartutako lan erreforma aprobetxatzea erabaki eta gero.

Uztailaren 7an berritu gabeko itun gehienak bertan behera geratu ziren Hego Euskal Herrian, PPren erreformak 12 hilabeteko ultraaktibitatea ezartzen duelako (iazko uztailean onartu zen erreforma), eta horrek segurtasunik gabeko egoera juridikoa ekarri die milaka eta milaka langileei. Enpresariek baztertutako lan hitzarmenak indarrean egon beharko luketen ere zalantzan dago, gainera. Sindikatuek epaitegietan salatu dituzte, itunek  mugagabeko ultraaktibitatea jasotzen dutela defendatuz. Alegia, kontratu horiek erreformaren gainetik daudela uste dute sindikatuek.

Soldatapekoentzako inoizko egoera gordinenetakoan "elkartze gune bat" topatzen saiatu beharko lukete sindikatuek eta patronalak, Aburtoren arabera; "ahaleginak egiten jarraitu behar dute", esan du. Orain arte, ordea, lubakia gero eta zabalagoa dela besterik ez da ikusi, patronala ez dagoelako erreformak eman dion estatus berriari uko egiteko. Besteak beste, itunak betetzeari uzteko gaitasuna eman die, malgutasuna kasik nahi erara finkatzekoa eta urtebeteko ultraaktibitatea inposatzekoa. Hau da, enpresariek dagoeneko ez dute soldata igoera negoziatzeko beharrik. Enpresako itunik ez bada Langilearen Estatutuak ezartzen duena besterik ez dute langileek, baldin eta itun kolektiborik ez bada.

Hain zuzen, hitzarmen horiek sinatzea izango litzateke "antidotorik onenea" Juan Mari Aburto sailburuarentzat, erreformak ekarritako desarautzea saihesteko. "Ahaleginetan jarraitu behar da itunak sinatzeko, eta hortik abiatu sektore arteko akordio bat egiteko. Hartara, itun kolektiboak gailenduko lirateke, eta sektoreko itunek arautuko lituzkete berriro lan harremanak herrialde honetan". "Elkarrizketarako bideak" topatzea ezinbesteko jotzen du "Euskadik esperantzarekin begira diezaion etorkizunari". Gizarteak "akordioak egitea" galdegiten duela uste du, "eta Gobernua horretan ahaleginduko da".

Sindikatu gehienek itun kolektiboak jartzen dituzte enpresa itunen aurretik. Ordezkaritza handiena duenak, ordea, ELAk, ez. Enpresetako hitzarmenak lehenesteko estrategia garatzen ari da ELA, "erreforma berak horrela finkatu duelako". Dena den, patronalak erabat baztertu du orain baino lehen Aburtoren proposamena. Uztalaren 7aren atarian Urkullu lehendakariak Lan Harremanen Kontseiluan proposatutako sektore arteko itunari uko egin zion Confebaskek eta herrialdetako haren bazkideek. Ordutik ohiz kanpoko adierazpen batzuk egon dira Jaurlaritzako eta EAJko hainbat kide eta Confebaskekoen artean, euren arteko ohiko sintonia hein batean ahutsiz. Aburtok dio, dena den, Jaurlaritzak ez duela "inolako arazorik" patronalarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.