lan istripua

ACBko langile bat oso larri dago eta beste bik larri jarraitzen dute

Atzo Sestaoko ACB enpresan istripua gertatu zen. Horren ondorioz sei lagun zauritu ziren. Zaurituak Gurutzetako ospitalera eraman zituzten; horietatik bat egoera oso larrian dago eta beste bi larri daude. Teknikoek gaur desmontatuko dute istripua izandako labea eta lantegia astelehenara arte itxita egongo dela jakinarazi dute. Bestalde, Joseba Azkarragak zaurituak bisitatu ditu ospitalean; zauritutako bati alta eman diote gaur.

2004ko uztailaren 9a
15:41
Entzun
Sestaoko ACB lantegian labe batek eztanda egin zuen atzo. Istripuan sei langile zauritu ziren eta Gurutzetako ospitalera eraman zituzten. Horietatik bat oso larri dago eta beste bik larri jarraitzen dute. Zauritutako bati alta eman diote gaur.

Oso larri dagoen zauritua 45 urteko JJ. L. F. da, Erretze Handiko Unitatean sartu dute. Zaurituak bigarren eta hirugarren mailako erredurak ditu gorputzaren %35ean. Aireztapen mekanikoaren laguntza behar du langileak atzo kea asnartu ostean.

Larri dagoen langileetako bat, 52 urtekoa, unitate berean dago gorputzaren %45ean bigarren eta hirugarren mailako erredurak dituela-eta; zauritu hau, ordea, kontziente dago. Larri dagoen beste langileak 54 urte ditu eta gaurZainketa Intentsiboen Unitatera eraman dute, honek ere aireztapen mekanikoaren laguntza behar du. Zauritutako hurrengo bi langileakzauri arinak dituzte eta seigarren zaurituari gaur eman diote alta.

Istripuaren zergatiak argitzeko asmoz lanean dabiltzan teknikoek gaur desmontatuko dute labea. Labea desmontatu ostean berau konponduko dutela adierazi dute teknikoek. Istripuaren ondorioz lantegiak produkzioa eten zuen, etendura hori astelehenera arte mantenduko da.

ELA sindikatuak salatu du Sestaoko ACBko istripua "enpresaren zuzendaritzak inposatutako lan erritmo handiek" eragin dutela. ELAk Administrazioari eskatu dio aspektu hori kontuan har dezan labearen leherketa eragin zuten faktoreak ikertzeko orduan. LAB sindikatuak, bere aldetik, ACBko lantegian segurtasun faltak eragin zuela salatu du.

Azkarragak zaurituak bisitatu ditu

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzarako Aholkulari Joseba Azkarragak zaurituak bisitatu ditu gaur. Gurutzetako ospitalera joan da Azkarraga ACBko istripuan zauritutako langileak bisitatzera. Bisitaren ostean, Azkarragak esan du Osalan istripuaren zergatiak ikertzen ari dela. Azkarraga aholkulariak bere departamenduaren elkartasuna helarazi die zauritutakoen senideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.