Bi aukera eskaini dizkie Arcelor Mittalek Sestaoko ACBko 346 beharginei: erdiak kaleratu eta uztailetik aurrera soilik asteburuetan eman lana 140-150 langileri, edo altzairutegia itxi eta denak kalera. Txarraren eta txarragoaren artean, lehena aukeratu dute gaur, bozketa bidez, Sestaoko langileek.
Bozkatzeko eskubidea zeukaten 346 beharginetatik 282k eman dute botoa gaur, 12:00etatik 17:00etara bitartean: 143k multinazionalaren planaren alde, 127k aurka, eta hamabi abstenitu egin dira. Arcelorrek atzera bota zuen pasa den astean langile batzordeak egindako plan industriala: planta berriro zabaltzea nahi zuten beharginek, 75.000 eta 85.000 tonako ekoizpenarekin, eta lantalde osoari eutsita —12.000 tonako ekoizpena proposatu du enpresak, eta hori onartu dute gaur beharginek—. CCOOk eta UGTk, orduan, zuzendaritzarekin hitzartu zuen enpresaren plana langileen esku lagatzea, langileek hartzea erabakia.
Multinazionalaren proposamenaren kontra egon arren, bi sindikatuek boto askatasuna eman die bere afiliatuei. ELA eta LAB, berriz, erabat kontra agertu dira, eta salatu dute bozketa "xantaia argi bat" dela, "enpresaren interesak legitimatzen dituelako". Haien iritziz, enpresaren proposamenak "ez du ezer bermatzen, enplegua suntsitzen du, eta Ezkerraldearen desindustrializazioa sakontzen du".
Bi sindikatu abertzaleek uste dute Arcelor Mittal "beldurraren politika" erabiltzen ari dela, eta "botoa ematea tranpa horretan erortzea da", haien iritziz. Izan ere, salatu dute Sestaon ekoizten diren bobinen produkzioa behin betiko deslokalizatzea dela altzairutegiaren jarduna hilean bi edo hiru asteburutara murriztea. Otsailetik dago behin-behinean eta mugagabe itxita altzairutegia.
Jaurlaritza, berme eske
Arcelorrek bere plana defendatu du uneoro, eta ondo pentsatzeko eskatu die langileei, berea oraintxe dagoen "proposamen bideragarri bakarra" dela argudiatuta. Edo hori, edo behin betiko itxiera. Eusko Jaurlaritzak, berriz, gutxienez 2020ra arteko bermeak eskatu dizkio multinazionalari gobernuaren laguntza eta babesa jasotzeko. Horrelakorik egin ezean, altzairugileak ez du laguntza publikorik jasoko. Joan den astean, "benetako plan bat" aurkezteko eskatu zion Arantza Tapia sailburuak Arcelor Mittaleko zuzendaritzari.