Lan gatazkak

Aciturrik 214 behargin kaleratuko ditu lau lantegitan

Berantevillan (Araba) eta Ayuelasen (Miranda Ebro, Espainia) dozenaka kaleratze egongo direla aurreikus daiteke. 214 kaleratu osatu arte, Tres Cantos (Madril) eta Boecillo (Valladolid,Espainia) fabriketan ere kontratuak hautsiko ditu aeronautika taldeak

Berantevillako lantegiko instalazioak. BERRIA
xabier martin
2020ko irailaren 2a
15:34
Entzun

Jakina zen Aciturri taldeak kaleratzeak egingo zituela, bai Aciturriren fabriketan baita Alestis bere adarrarenean ere. Atzo jakinarazi zuten 87 izango direla Alestisen lana galduko duten beharginak, Miñaoko lan zentroan hain zuzen. Gaur, berriz, Aciturrik beste 214 kaleratze egingo dituela eman du ezagutzera Espainiako UGT sindikatuak. Kaleratze horiek lau fabrikatako lantaldeen artean egingo ditu, eta horietako bat Berantevilla da, Araban. Beste bat mugan dago, Miranda Ebron (Burgos), eta beraz, bien artean dozenaka kaleratu egingo direla aurreikus daitezke. Gainontzeko  kaleratzeak 214 osatu arte, Espainiako beste bi lantegitan egingo ditu aeronatika konpainiak, Madrilen (Tres Cantos) eta Valladoliden (Boecillo).

Airbus eta Boeing erraldoiek milaka kaleratze iragarri zituzten uda hasieran, sektoreak bizi duen krisi latza tarteko. Ondoren, domino efektu bat iritsi da: ITP, Aernnova, Aciturri, Alestis... Sektorea zulo beltz batean dago martxotik, koronabirusak lurrean utzi zituenetik hegazkinak. Aire konpainia ugari amildegiari begira daude, eta beste asko estatu laguntzei esker bizirauten, bidaiarien garraio kolektiboa suspertzen den arte. Gaur-gaurkoz ez du ematen berehala gertatuko denik hori.

Bitartean, sekoreak Euskal Herrian duen azpiegitura uzkurtzen ari da astetik astera, eta euskal industriarentzat albiste  oso txarrak da hori, Hegan klusterreko enpresetako lanpostuak kalitatezkoak direlako oro har, eta balio erantsi handiko jarduera bat delako aeronautika, lan merkatua txukuntzen lagundu dezakeen horietakoa susperraldia iristen denean.

Negoziazioa, Madrilen

UGTk jakinarazi du erabat baztertzen duela 214 kaleratze jasotzen dituen enplegua eteteko dosierra. Neurri traumatikoak saihestuko dituen alternatibak nahi dituzte sindikatuek; hala esan diote zuzendaritzari kontsulta epeko lehen bileran. «Irteera negoziatuak» eskatu ditu Espainiako sindikatu horrek, eta azaldu du «unean uneko arazo bat» bizi duela sektoreak, eta kualifikazio handiko enpleguei eusteko ahalegin bat egin behar duela Aciturrik.

Alestisen kasuan gertatu den moduan, Aciturrik Madrilera eraman du erregulazioaren negoziazioa, euskal sindikatuak bazter utzita. Hala, zuzendaritzak soilik Espainiako sindikatuekin abiatu ditu elkarrizketak, ELAk Alestisekin gertatu dena salatu duenaren antzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.