Enpresagintza

Adarbakarrak elikatzeko dirua

Aro digitaleko enpresa erraldoi gehienak start-up txiki gisa abiatu ziren. Europak badu gaitasuna proiektu berriak sortzeko, baina urrun dago handitu eta merkatuan nagusitu diren AEBetako lehiakideetatik. Arrisku kapitala bultzatuta, buelta eman nahi dio Bruselak.

jarraia150993.jpg
Ivan Santamaria.
2018ko apirilaren 18a
15:16
Entzun

Nondik aterako dira hurrengo Google edo Facebook? Nork asmatuko du Twitter berria? Zeintzuek jarriko dituzte sektore osoak hankaz gora, Airbnb, Uber, Amazon eta halako plataformak asmatuta? Inork ez daki, noski, baina iraultza digitalaren etekina eskuratuko duten enpresak sortzeko gaitasuna obsesio antzeko bat bihurtzen hasi da Europako erakundeentzat. Ez da harritzekoa. Aipatutako adibide guztiak —eta gehiago ere bai—, Atlantikoaren beste aldean pentsatu, garatu eta martxan jarri baitziren, AEBetan.

Europak bere burua defendatu ohi du, lasterketa teknologikoan atzera geratzen ari dela kritikatzen zaionean. Zientzia, ikerketa eta berrikuntza aztertzen dituen 2018. urteko azken azterketaren arabera, start-up enpresa hasiberrien ratioan batasuna gutxigatik baina AEBen gainetik zegoen, bai portzentaje orokorrean, baina baita ezagutza handiko zerbitzuen alorrean ere. Kontuan hartu behar da, hala ere, sarritan zalantzazkoa dela ekosistema europar bati buruz hitz egitea bera. Alde oso esanguratsuak daude herrialde batzuen eta besteen arteko dinamismoan eta proiektuak sortzeko ahamenean.

Estatistikei jarraituz, gainera, hazkunde erritmo handia duten batasuneko konpainiak ez dira gaizki ateratzen argazkian, estatubatuarren pare jarrita. Gazela deitzen zaien enpresa horiek %4,3 dira EBn, eta %2,9 AEBetan. Ezagutza handiko sektoreak soilik kontuan hartuta, antzeko aldeak daude. Irlanda, Eslovakia, Malta, Herbehereak eta Suedia bereziki lehiakorrak dira ezagutza handiko alor horretan.

Ideiak eta oinarri teknologikoa ez dira falta, antza. Orduan, non dago arazoa? Bruselaren ondorioa da proiektu horiek guztiek zailtasunak dituztela handitzeko; alegia, start-up edo gazela izateari utzi eta adarbakar bilakatzeko jauzia emateko.

Adarbakarrak animalia mitologikoak dira, eta, Aileen Lee inbertitzaileari esker, digitalizazioaren aroko enpresa arrakastatsuak definitzeko hitz gakoa bihurtu da. Orain dela bost bat urte asmatu zuen kontzeptua. Enpresa digital hasiberriei buruz ari zen Lee, eta idatzita utzi zuen burtsara atera aurretik mila milioi dolarretik gorako merkatu balioa iragartzen zitzaien proiektuak «oso arraroak» zirela, «adarbakarrak bezala». Kontzeptua azkar hedatu zen.

Bost urtean asko aldatu da egoera. Hurrengo adarbakarraren bila engaiatuta daude inbertitzaileak. Kontzeptu ekonomiko hutsaz gainera —merkatu balio hipotetikoa—, zenbait ezaugarri komun dituzte halako enpresek: informazioa eta teknologia dituzte oinarri; sakelakoen zabalpenari lotuta daude gehienetan; disruptiboak izan daitezke beste enpresa edo sektore batzuentzat; eta asegabe dagoen eskaera bati eskaintza bat asmatu ohi diote.

Hor geratu da atzean Europa. CB Insights plataformak emandako datuen arabera, joan den urtearen amaieran ia berrehun enpresa adarbakar zeuden munduan. Erdiak baino gehiago AEBetakoak ziren, eta herenak, Txinakoak. Europako Batasunean garatutakoak %13 ziren, eta, balio ekonomikoari erreparatuta, haien pisua %7 baino ez zen.

2009tik aurrera burtsan kotizatzeari ekin dioten adarbakarrak aztertuta, 40 bat daude I+G alorrean gehien gastatzen ari diren munduko 2.500 enpresen artean. Europak bi baino ez ditu zerrenda horretan: Frantziako Criteo eta Erresuma Batuko Novocure.

'Spotify efektua'

EBko zientzia, teknologia eta berrikuntza txostena argitaratu zenean, Spotify zen kontinente zaharreko adarbakarrik handiena, 6.800 milioi euroko balio hipotetikoa baitzuen. Kontinente zaharreko adarbakarren zerrenda horretan ageri dira Deliveroo, Blablacar, Transferwise eta Brewdog garagardogilea. Kontzentrazio handia dago, gainera. Enpresen erdiak Erresuma Batukoak dira, eta soilik beste lau herrialdek dute konpainia bat baino gehiago multzo horretan.

Dimentsioan, zerrendako lehen postuetatik urrun daude EBn sortutako proiektuak. CB Insights plataformaren zerrenda eguneratuari jarraituz, Uber da burtsan kotizatzeko urratsa egin ez duen unikorniorik baloratuena: 55.000 milioi eurotik gorako balioa du. Zerrendako lehen hamarrak AEBetako eta Txinako konpainiak dira. Airbnb, Xiaomi eta SpaceX daude lehenbiziko toki horietan. Erresuma Batua alde batera utzita, lehen konpainia europarra 42. postuan dago: Alemaniako Auto1 Group.

Spotify orain dela pare bat aste hasi da burtsan kotizatzen. Suediako streaming bidezko musika zerbitzua merkatura ateratzeko bidea ere apurtzailea izan da: akzio berriak eskaini gabe, inbertsio bankuen bitartekaritzari izkin egin dio konpainiak. Aurretik akziodunen eskuetan zeudenak baino ez dira atera merkatura. 21.400 milioi euro balio du enpresak oraintxe.

Spotifyren arrakastak iradoki beharko luke Europak ere baduela behar adinako indarra txapeldun digitalak sortzeko eta garatzeko. Haatik, jatorriak ez du istorio guztia kontatzen. 2008. urtean atera zen zerbitzua, eta, hasierako urteetan Europako finantzaketa izan bazuen ere, AEBetara hedatzea erabaki zuenean eman zitzaion benetako bultzada, 2011. urtean. Harrezkero, Atlantikoaren beste aldean aurkitu ditu inbertitzaileak, eta burtsaratzeko prozedura guztiak AEBetan egin ditu, halaber. Esan liteke orduan EBko berrikuntza politikaren emaitza izan dela Spotifyren loraldia?

«Spotifyk Europatik alde egiteko lehen arrazoia hazteko gogoa izan zen, eta, horretarako, diru gehiago behar zuen, hemen lortzea ezinezko zitzaiena», aitortu du Elzbieta Bienkowska Europako Batzordeko Industria komisarioak. Inbertitzaile egokiak aurkitu ezinik jo zuen AEBetako finantza merkatuetara, eta han atera da burtsara azkenean. «Ez dugu arazorik talentuarekin edo ekintzaileen kualifikazioarekin; handitzeko orduan dugu arazoa», komisarioaren irudiko.

Finantzaketan dagoen zuloa itzela da. Halako enpresa berritzaileak diruz hornitzeko tresna nagusia arrisku kapitala da. Ideia eta negozio eredu oso berritzaileak dituzten neurrian, konpainia horietako askok galerak izan behar dituzte benetako emaitzak eman aurretik. Batzuek, publikoan arrakasta izanagatik, ez dute inoiz lortuko errentagarri bihurtzea.

Europako Batasunean (500 milioi biztanle), ekintzaileentzako eskura dagoen arrisku kapitala 6.500 milioi ingurukoa da. Krisiaren joanean, administrazio publikoek eutsi diote nola edo hala eskaintzari, baina funts pribatuen eskaintza zeharo mugatu da. Horren ondoan, erraldoi bat dira AEBak. 40.000 milioi euro dituzte horrelako inbertsioak bideratzen dituzten funtsek. Batez besteko tamainak dena esaten du. EBn, halako funts pribatu batek 56 milioi inguru ditu, eta AEBetan hiru aldiz handiagoak dira. Europako enpresa batek 50-60 milioi euroko bultzada ekonomikoa behar duenean negozioa zabaltzeko, ez du nora jo.

Finantzaketa falta hori arintzeko, Europako Batzordeak VentureEU programa iragarri zuen joan den astean. Eskura dagoen arrisku kapital kopurua bi- koiztea du helburu, baina, horretarako, ezinbestekoa du eragile pribatuen lankidetza. Bruselak aurrekontuan erabili gabe zeuden 410 milioi jarriko ditu, eta sei funts pribaturekin akordioa egingo du, horien artean guztira 2.100 milioi euroko kapitala eskaini ahal izateko. Palanka hori baliatuta, beste inbertitzaile batzuk erakarri eta orotara 6.500 milioi mugiarazi nahi dira, gaur egun eskura dagoena adina. Lehen inbertsioak urtebete barru egin ahalko direla aurreikusi dute. Etorkizuneko adarbakarrak elikatzeko dirua izango da.

Ekosistema egokiak

Diruak gabeziaren parte bat azal dezake, baina beste faktore batzuk kontuan hartzea ere eskatu ohi dute adituek. Nagusia, ziur asko, enpresa berritzaileak martxan jartzeko ekosistema egokiak izatea da. Zer da ekosistema bat? Ekintzaileak, hornitzaileak, zerbitzu eta azpiegitura emaileak, erakunde instituzionalak eta finantza bitartekariak elkarrengandik hurbil eskaintzen dituzten guneak dira, sarritan unibertsitate baten inguruan eraiki direnak.

Startup Genome aholkularitzaren arabera, Europak horrelako bost ditu, munduko lehen hogeien artean: Londres, Berlin, Paris, Stockholm eta Amsterdam dira. Horretan ere AEBak aurretik daude —zazpi dira—, Kaliforniako Silicon Valley lider dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.