EGITURA

Adarretatik heldu gabe

Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformak ahalik eta eragin txikiena izan dezan saiatu da Espainia. Nekazari aktiboen definizio zabalegia egitea egotzi diote.

Miren Garate.
2014ko otsailaren 3a
10:22
Entzun

Bi urtean negoziatzen aritu ostean, ildo orokorrak finkatu eta diru partiketa egin zuen aurrena Europako Batasunak. Neurriak gehiago zehaztu eta hurrengo banaketa zein irizpideren arabera egin erabakitzen ari dira orain estatuak. Adi-adi daude 12 milioi lagun, Europako Batasuneko nekazari guztiei eragingo baitie Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreformak, eta hark finkatzen baititu bakoitzak jaso beharreko diru laguntzak. 2014-2020 eperako zegoen pentsatuta, baina eztabaidak luzatu egin direnez, datorren urtean jarriko da martxan.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak Nekazaritzako Sektore Batzarretan ari dira parte hartzen, Madrilen. Joan den astean egin zuten azken bilera, eta nahiko zehaztuta geratu ziren etorkizuneko neurriak. Erreformari adarretatik ez heltzea leporatu diote Espainiari, gaur egungo laguntzak ahalik eta kopuru antzekoenetan mantentzeko eginahala egin baitu, eta horrenbestez, ez baita aldaketa handirik izango.  Egin zaion kritika handienetakoa da nekazari aktibotzat hartzeko baldintzak oso orokorrak direla.
Zein dira nekazariak?

Bi zutabetan banatzen da Nekazaritza Politika Bateratua. Lehen zutabeak laguntza zuzenei eta merkatuen arautzeari buruzko neurriak biltzen ditu, hor sartzen dira, esaterako, oinarrizko ordainketak, greening deitutakoak, zailtasunetan diren sektoreei ematen zaizkienak edota gazteen instalazioari laguntzekoak.

2014-2020rako prestatutako erreforman, Europak esan du laguntzak nekazari aktiboek jaso behar dituztela. Estatuen lehen zereginetako bat, beraz, nekazari aktiboa zein den definitzea izan da. Joan den astean egindako Nekazaritzako Sektore Batzarrean onartu zuten ez direla nekazari aktibotzat joko euren nekazaritzako diru sarreren %80 baino gehiago laguntzen bidez jasotzen dutenak. Hau da, mila euroko sarrerak dituen batek gutxienez 200 euro merkatutik eskuratu beharko ditu, bestela ez da nekazari aktibotzat hartuko.

Bada, ordea, salbuespen aipagarri bat: urtean 1.250 eurotik beherako laguntzak dituztenek ez dute %20ko portzentaje hori salmentetatik lortu beharrik izango. Hala, lur sail batzuk eta ganadu batzuk dituztenek ere laguntzak jasotzen jarraitu ahal izango dute. Nekazari profesionalen haserrea eragin du neurriak, gutxi jasotzen duten horiek orokorrean diru asko eramaten dutelako. Goiko muga ez ezik, behekoa ere jarri dute. 300 eurotik beherako laguntza dagokienei ez zaie ordainduko, tramite administratiboak egiteak kostu handiagoa duela iritzi diolako Gobernuak. Aldaketa hori 2017an jarriko da indarrean; ordura  arte, beheko muga 100 euroan egongo da 2015ean eta 200 euroan 2016an.

Nekazaritza jarduera ere egiaztatu beharko da, ganadu eta lurrak erregistratuta; gaur egun, laborarien erregistrorik ez dago, baina sortuko dute, eta egindako gastuak egiaztatzen dituzten fakturak  gorde beharko dituzte jarduera dutela frogatzeko ; ganaduzaleek REGA erregistroan eman beharko dute izena, eta gutxienez bost hektareako ganadu bat galdegingo zaie.

Banaketa konplexua

Behin nekazari aktiboak zein diren  zehaztuta, alegia, zeinek jaso ahal izango dituen laguntzak zehaztuta, bakoitzari zenbat dagokion finkatzea da hurrengo zeregina. Gaur egun, posible da larre batzuek 200 euroko eskubideak izatea, eta tamaina eta jarduera berdineko beste batzuek 500 eurokoak. Izan ere eskubide historikoetan —2000, 2001 eta 2002an kobratutakoa— eta kuoten transformazio eskubideetan oinarritu- tako sistema dago martxan.

Europak dio jarduera eta azalera bera dutenek eskubide berdinak behar dituztela. Hala, estatu edo eskualde bakoitzean eskubideen batez bestekoak atera behar direla esan du, eta gehienez ere %40ko aldea egon behar duela batez besteko horren eta nekazari bakoitzak jasotzen duenaren artean. Espainiak, ordea, konbergentzia horrek izan ditzakeen eraginak saihestu nahi ditu. Ez du nahi laguntza handiak zituztenak bat-batean gutxirekin geratzea, eta alderantziz.

Hala, eskualdeen banaketa konplexu bat egin du. Lurraldetasuna kontuan hartu gabe, gaur egun antzera kobratzen dutenekin osatu ditu eskualdeak; hau da, eskualde geografikoak izan beharrean nekazaritza eskualdeak egin ditu. Posible da multzo berean egotea Gipuzkoako mendialdeko baserritar bat eta Gibraltarko bat. Hala, guztiek antzera kobratzen dutenez, batez bestekora gerturatzeko Europak jartzen duen baldintza errazago betetzen da. Eskualde banaketa oraindik egin gabe dagoenez, argitzeke dago baserritar bakoitzak zehatz-mehatz zenbat kobratuko duen aurrerantzean. Jakinekoa da, ordea, 22 eta 24 eskualde artean izango direla.

Espainia, eskumen eske

NPBren barnean, dirutan handiagoak dira lehen zutabeko laguntzak, baina norbere programak gauzatzeko aukera handiagoa ematen dute bigarren zutabekoek. Landa garapenerako laguntzak dira. Espainiari 8.053 milioi euro banatzea dagokio 2020ra bitartean; 87,1 (%1,1) milioi emango dizkie Araba, Bizkai eta Gipuzkoari; eta 136,5 milioi (%1,7) Nafarroari. Orain artean ere kopuruak antzekoak ziren.

Europako FEADER funtsetik datoz  bigarren zutaberako laguntzak, eta kofinantziazioa eskatzen dute. Hego Euskal Herriko kasuan,  ogasunek beste hainbeste diru jartzen dute; hala, 174,2 milioi euro erabiliko dira EAEn, eta 273 milioi Nafarroan. Bigarren zutabeari dagozkion politikak martxan jartzeko landa garapenerako (PDR) programa bana egiten du erkidego bakoitzak. Orain arte programa bakar bat izaten zuen erkidego bakoitzak, eta guztiak harmonizatzeko "marko nazionala" deitzen zaion dokumentua zegoen. Orain, Espainiako Gobernuak nahi du, eskualdeetako PDRaz gain,PDR nazionala ere egotea, eta haren bidez kudeatzea hainbat eskumen, tartean autonomia arteko kooperatibak, berrikuntza, azpiegitura batzuk eta ureztailuak.

Era berean, PDRak kontrolatzen dituen marko nazionala zehatzagoa izatea proposatu du. Orain arte, irizpide finkoak soilik finkatzen zituen. Esaterako, esaten zuen eskualdeetako PDRek gazteei laguntzeko programak izan behar zituztela. Erreformaren bidez, gazteen instalaziorako zenbat diru bideratu beharko den esateko aukera izatea ere nahi du Gobernuak. Ikusi beharko da aurrera ateratzen den proposamena; izan ere, erkidego gehienak aurka daude, euren eskumenak mugatzen dituela uste dutelako.

Behin Nekazaritza Sektore Batzarrean adostutako neurrien berri izan ostean, haserre agertu dira Hego Euskal Herriko sindikatuak. "Betiko statu quo-a mantendu da, sofan dauden nekazariei laguntzak sendotu zaizkie, eta aldiz, nekazaritza profesionalaren ereduari kalte egin zaio", esan du EHNEk. Haren arabera, nekazari ez diren 300.000 lagunek Espainiak banatzen dituen laguntzak jasotzen dituzte; hau da, laguntzak jasotzen dituztenen herena ez dira nekazariak. ENBArentzat "iseka" da nekazari aktiboaren gainean egin den definizioa.

Iparraldean ere larri

Hego Euskal Herrikoak ez ezik, Iparraldeko laborariak ere Parisen gertatzen denarekin adi daude. Adi eta kezkatuta orain artekoa ikusita. Izan ere, FNSEA sindikatuak presio handia egin du behi sektorean laguntzak eskuratu ahal izateko gutxienez 30 buru edukitzeko eskatuz. Proposamena ez zuen onartu Frantziako Gobernuak, baina hirutik —hori da oraingo kopurua— hamarrera igo du gutxieneko ganadu kopurua.

Horrez gain, produktibitate tasa ere finkatu dute. Behiko 0,8 aratxekoa izango da, 15 hilabeteko epean. Bi neurri horien eraginez Ipar Euskal Herriko ehunka etxalde laguntzarik gabe geratu daitezkeela salatu du ELBk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.