Adegi bat dator ELArekin erregulazioan daudenen soldata osatzeko

Osatze horiek egin ahal izateko finantzaketa, ordea, ez du nahi "bakarrik enpresaren bizkar uztea". Ekonomia %7 eta %10 artean uzkurtuko dela aurreikusi du Gipuzkoako patronalak, eta azken bi urteetan sortu diren 12.000 enpleguak galdu egingo direla.

Adegiko zuzendaritzako kideak, gaurko agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2020ko ekainaren 2a
13:31
Entzun

Aldi baterako erregulazioek enpresak salbatzeko inoiz baino tresna eraginkorragoak izan behar dutela esan du Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendariak: "Erabateko ohiz kanpoko egoeretan erabateko formula ezohikoak hartu behar dira". Hala, patronala bat dator ELAk erregulazioan dauden langileen soldatak %100 artean osatzeko egin duen proposamenarekin. Proposamen horren ideia nagusiarekin, behintzat, bai; soldatak osatzeko funts berezia nola elikatu, horretan ez baitago ados. "Enpresaren onurak gizarte osoarentzat dira, langileentzat, ogasunen bilketarentzat, eta, ahalik eta enpresa gehien salbatzeko eta langileen soldatei eusteko, ahalegin kolektibo bat egin behar da".

Alegia, enpresen irabaziak zergapetzen duen sozietate zerga baliatuz funts hori sortzeko eskatu du ELA sindikatuak, baina Adegik "gizarte osoari" erreparatu dio finantzaketaz aritu denean. Zehaztapenak eskatu ondoren, "balio katea enpresek, langileek eta administrazioak" osatzen dutela zehaztu du Aierzak. Hots, Adegik langileek ere beren ekarpena egin dezaten nahi du ezohiko neurri horretan, agian PFEZren bidez, eta administrazioarena ere eskatu du.

Edonola ere, Gipuzkoako patronalak garbi utzi du ez duela ika-mikarik nahi inorekin, berdin zaiola zer mahaitan egin daitekeen akordio bat erregulazioak osatzeko, eta, itunerako borondatea badago, Adegi prest egongo dela xehetasunez hitz egiteko. Ekonomiak eta gizarteak bizi duten muturreko egoeraren erakusle dira patronalak helarazitako datuak. Adegik aurreikusi du %7 eta %10 artean uzkurtuko dela 2020an Gipuzkoako BPG Barne Produktu Gordina, eta 12.000 lanpostu galduko direla, azken bi urteetan sortu diren adina. Gero eta lan erregulazio gehiago kausa objektiboengatik gertatzen ari direla esplikatu du Eduardo Junkera presidenteak, eta, "gizartearen ongizatea" enpresarekin zuzenean lotua ikusten duenez, "ahalik eta enpresa gehien salbatzeko ahalegina" egin behar dela gaineratu du, sektore publikoaren flotagailuari erreparatuz.

"Heterodoxoak izan behar dugu; nola? Behar dugun bezainbeste zorpetuta. Geroa dugu jokoan", erantzun dio bere buruari. Adegiko enpresa kideei egindako inkestak argi islatu du egoeraren larritasuna. Enpresen hiru laurdenek uste dute merkatua atzeraldian dagoela; 2009ko apiriletik ez dago datu okerragorik. Izan ere, %21 apaldu dira salmentak urteko lehen lauhilekoan, 2019ko lauhilekoarekin alderatuta. Enpresen hiru laurden eskaera poltsa ahulagoarekin ari dira orain; %25 uzkurtu zaie poltsa hori urteko lehen lauhilekoan. Eta bada beste datu argigarri bat euskal industriak bizi duen amesgaiztoa islatzen duena: enpresen ekoizpen gaitasuna %58raino erori da, inoizko mailarik apalena; 2008ko krisian ere ez zen ikusi halakorik.

Baikor izateko arrazoi gutxi

Ba al da baikor izateko arrazoirik? Adegik eman ditu bat edo beste, baina oinarri sendorik gabe. Hasteko, enpresen %66k uste dute lantaldeei eutsiko dietela edo handitu egingo dituztela. 2020an gal daitezkeen lanpostuen erdiak merkataritzaren eta ostalaritzaren arloan lirateke. Gipuzkoako langabezia tasa %10,8ra igoko litzateke urte bukaeran; 2019an %7,3an zegoen. Baina, Adegiren ustez, nazioarteko merkatu batzuk hasi dira suspertzen, eta "txerto baten zain egon gabe" euskal ekonomia ere hazten has daiteke hilabete batzuen buruan. "Egokitu egin behar dugu, eta lanean jarraitu, oraintxe bertan ari garen moduan", esan du Aierzak, prentsaurreko gelaren antolakuntza bereziari eta kazetarien maskarei erreparatuta.

Adegik ez daki noiz iritsiko den suspertzea, baina iristen denerako ahalik eta enpresa gehien nahi ditu lehiatzeko prest, bizirik, eta horretarako "ezohiko neurriak" aplikatu behar direla errepikatu du Aierzak. "Likidezia programak, bermeak, zergak atzeratzea, neurri fiskalak, eta maileguak" enpresek behar-beharrezkoak dituzten tresnak direla esan du. "Jarduera ekonomikoari eusten dioten lau motorretatik hiru itolarrian daude: kontsumoa, inbertsioa eta kanpo sektorea. Zuloa gero eta sakonagoa bilakatzen ari da. Gainbehera hori eteteko modu bakarra gastu eta inbertsio publikoaren motorra ahal bezain azkarren aktibatzea  da, eta topera". Enpresak eta enplegua salbatzeko diru publikoaren iturria topera jartzeko eskaria oso garbi izan da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.