Araba, Bizkai eta Gipuzkoako metalgintzan hainbat greba egun izango diren astearen atarian ez da giro sindikatuen eta patronalaren artean, baina ezta sindikatu deitzaileen artean ere, haien arteko konfrontazio maila bestelakoa izanik ere. Gipuzkoako Adegik inoiz baino argiago utzi die sindikatuei gauzak nola dauden: "Gipuzkoako 2.670 enpresen gehien-gehiengoa indarrean dagoen legea betetzen ari da eta beteko du, mehatxuak eta xantaiak gaindituz", oharatarazi du patronalak ohar baten bidez, lan erreforma bere osotasunean betetzeko jarrera irmoa duela argi utzita berriro. "Gezurra da, salbuespenak salbuespen, enpresek uko egin diotela lege berriak ahalbidetzen dien aukerak euren enpresa hitzarmenetan sartzera".
ELAk eta LABek sustatzen dituzten erreformaren aurkako klausulak (ituna betetzeko derrigortasuna, ultraaktibitatea eta beste haibat) ukatzearekin batera, Gipuzkoan inon baino lan harreman gatazkatsuagoak daudela dio Adegik esaldi birrintzaile baten bidez: "Lan esparruan euskal berezitasuna enpresen lehiakortasun saioa zamatzen dituen gatazka bada, Gipuzkoa da enpresarekiko etsaitasun handienaren lurraldea; hala erakusten du Gipuzkoan beste lurraldeetan baino bi greba egun gehiagora deitzeak".
Langileei eta euren familiei ere zuzenean erreparatzen die patronalak greba bezperetan: "Grebara deitu dituzten langileek eta euren familiek jakin behar dute enpresak leher eginda daudela, itxieratik gertu. Langileek badakite zein den euren enpresen egoera, eta haren arabera erabaki beharko dute enpresa lagunduko duten ala hura hondaratzen lagunduko duten".
ELA, berriz, enpresetan "borroka inolako mugarik gabe" egiteko prest dago. Datorren asteko grebarako deialdia dagoeneko "arrakasta bat" dela dio, "hitzarmen berriak" sustatzen ari delako. Deialdi horrek beste sindikatuak "mobilizaziora" bultzatu dituela uste du. "CCOO, LAB eta UGTren deialdi bateratua soilik ELAren deialdiari erantzuteko sortu da". Sektoreko itunik ez dela lortuko dio "sindikatueak ez badira aurrez enpresetan antolatzen".
LABek bestela ikusten du borrokarako estrategia, eta "oraindik orain ELAk non bultzatuko duen bost egunetako greba deialdia" ez dakiela dio. Sindikatu horri "erantzukizun ariketa" egitea eskatu dio. ELAren deialdia "tongo mediatikoa" izan ote da ere galdetu du, eta gogorarazi ELAren arabera "soilik 60 enpresa" daudela "blindaturik"; Araba, Bizka eta Gipuzkoako metalgintzako sektorean 3.200 daude.
Bestalde, maiatzaren 24ko metaleko grebaren ondoren, enpresetan "mehatxuak" hazi egin direla salatu du, "inoiz ezagutu ez dugun bezala".
Metalgintza
Adegi: "Enpresa gehien-gehienek legea beteko dute"
ELAk dio bere deialdiari erantzuteko deitu dutela grebara beste sindikatuek, eta LABek «erantzukizun ariketa» egiteko eskatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu