Adegi hitzarmen duin bat negoziatzera «behartuko» dutela diote sindikatuek

UGT, CCOO, LAB eta ELAko ehunka lagunek patronalaren egoitzan deitutako protestan parte hartu dute

Erredakzioa
Donostia
2010eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Adegiren «harrokeriari» eta jarrera «probokatzaileari» erantzuteko garaia dela erabaki dute Gipuzkoako metalgintzako sindikatuek. Lan hitzarmen berrirako negoziazioaren porrotaren erantzule bakarra izatea leporatu diote patronalari UGTk, CCOOk, ELAk eta LABek, «ez baitu inolako proposamen aurrerakoirik egin».

Patronalak proposatuko lan eskubideen «murrizketa basatia» salatzeko protesta antolatu zuten atzo Donostian, Adegiren egoitzaren aurrean. Hitzarmen justu baten alde, Gipuzkoako metala borrokan lemapean, lau sindikatuetako ehunka ordezkari bildu ziren «errealitatetik at» dauden eskakizunen aurka, eta lan baldintza duinak aldarrikatzeko.

Elkarretaratzean gogorarazi dutenez, metaleko enpresek proposatutakoa «erabat atzerakoia da»: soldatak izoztea, lanaldia 58 ordutan igotzea, malgutasuna urteroko 65 orduetatik 120ra igarotzea, antzinatasun gehigarria kentzea eta langileen ordezkarien eskubideak murriztea, besteak beste.

UGTk, LABek, CCOOk eta ELAk orain arte lortutako eskubideei uko egiteko asmorik ez dutela ziurtatu dute eta, borrokaren bidez, Adegi metalgintzarako «hitzarmen duin eta justu bat negoziatzera behartuko» dutela ohartarazi dute.

Batasun sindikala hautsi

Atzoko protesta negoziazio mahaia utzi zuten lau sindikatuek egin zuten arren, CCOOko Jokin Cruzek patronalarekin berriz biltzeko asmoa agertu du, bere sindikatuko ordezkariek hala eskatu diotelako. LABek, aldiz, asmo horren kontra egin du. CCOOri gogorarazi dio mahaia utzi zutenetik Adegiren jarrera ez dela ezertan aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.