Ekonomia

Adegik astelehenean erabakiko du idazkari nagusia kargutik kentzea

Urtxegik jarraituz gero dimisioa aurkeztuko duela ohartarazi du Zubiaurre Gipuzkoako patronaleko lehendakariak. Atzo elkarteko batzordea honen alde azaldu zen.

2008ko otsailaren 27a
16:42
Entzun
"Norberekoia, urrunekoa eta autoritarioa". Adjektibo horiek erabili ditu Eduardo Zubiaurre Adegi Gipuzkoako patronaleko presidenteak idazkaritza nagusiaren lana definitzeko, eta "utzikeria, betekada eta ondoeza" eragitea leporatu dio Jose Maria Ruiz Urtxegi idazkari nagusiari. Ondorioz, hau bere kargutik kentzea erabaki du, baita Arturo Garcia bere ondokoa ere.

Adegiko batzordeak presazko bilera egin zuen atzo arratsaldean egoera aztertzeko. Sei orduko batzarra egin zuen eta batzordea Zubiaurreren jarreraren alde azaldu zen. Urtxegi eta Garcia ez izan bileran.

Dena dela, idazkari nagusia kargutik kentzeko ahalmenik ez du presidenteak. Zuzendaritza batzordeak hartu behar du erabakia. Hala, astelehenean egingo du ezohiko bilera, 18:00etan.

Harremanak gaiztotuta

Zubiaurrek e-mail bidez eman zien bere iritziaren berri herenegun Adegiko langileei eta enpresaburuei, inguruko hautsak berehala harrotuz. Horrek Adegiko presidentearen eta idazkari nagusiaren arteko harremanak oso gaiztotuta daudela erakusten du. Besteak beste, idazkaritza nagusiaren ordezkoa izendatzeko prozesuan "burugabekeria larria" egitea egotzi die Zubiaurrek Ruiz Urtxegi eta Garciari, "gainerako enpresei gomendatzen dioguna eurek ere ez baitute egin". Are gehiago, komunikabide batzuren arabera, Urtxegi eta Garciari telefono linea eteteko erabakia ere hartu zuen presidenteak herenegun bertan.

Horrez gain, Berrikuntza eta Lehiakortasun taldeak emandako gomendioei entzungor egitea ere leporatu die. Jose Miguel Aierza sail horretako zuzendariak laneko giroa hobetzeko, langileen inplikazioa sendotzeko, eta ideia berriei ateak irekitzeko egindako ahaleginari "jaramonik ez" dietela egin dio presidenteak, "teorian plan estrategikoan onartutako neurriei bizkarra emanez". Aierza bera, proposatzen du, gainera, Zubiaurrek, Urchegiren kargurako.

Orain bi urte hartu zuen Zubiaurrek Adegiko presidente kargua. Ordutik patronala berritzeko ahaleginetan aritu da, baina idazkaritza nagusiak horretarako oztopoak jarri dizkiola salatu du.

Ruiz Urtxegi kargutik kentzeak Gipuzkoako patronaleko historikoetako baten erretiroa ekarriko luke. 80eko hamarkadaz geroztik da Adegiko idazkari nagusi, eta 25 urte baino gehiagotan izan da Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko arduradun ezagunenetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.