Hamabigarren bileratik hamahirugarrenerako hitzordua atera da Gipuzkoako metalaren lan hitzarmenaren negoziazioan. Atzokoa bederatzi hilabetean hamabigarren bilera izan bazen ere, oraindik ez dute hasi benetako negoziazioa, sindikatuen eta Adegiren eskaerak elkarrengandik urrunegi baitaude. ELAk eta LABek beste proposamen bat aurkeztu zuten atzo; Adegik datorren astearteko bileran aurkeztuko du berea, aste honetan enpresaburuekin bildu ostean.
ELA eta LAB mugitu dira, eta zenbait eskaera apaldu egin dituzte. Haiek egin zuten atzoko bilerarako deia, eskaeretan egin dituzten «aldaketa nabarmenak» plazaratzeko: bi urteko lan hitzarmena -urtebetekoa eskatu zuten lehen-; KPI + %1,5eko soldata igoera -ELAk KPI + %2koa nahi zuen-; eta urtean zortzi ordu gutxiago lan egitea -lehen 35 orduko lan astera hurbiltzea eskatzen zuten-. Sindikatuen iritziz, aldaketa horiek negoziaziorako abiapuntua dira, eta jarrerak hurbiltzeko balio beharko lukete, «betiere indarrean dagoen lan hitzarmena errespetatzen bada».
Adegirentzat positiboa da bilerarako deialdia ELAk eta LABek egin izana. Baina atzoko proposamenean ez du ikusten aldaketa nabarmenik aurrekoarekiko. «Pixka bat ezberdina da, baina eskaera gehienei eusten diete», esan dio BERRIAri Juan Ramon Apezetxea Adegiko Lan Harremanetarako zuzendariak. Lanorduak murrizteko asmoaz eta KPIaren goitik dauden soldata igoeraz ari da. Adegiren proposamenetatik oso urrun: Adegik urtean 58 ordu gehiago lan egitea nahi du, eta soldatak izoztea proposatzen du.
Horrez gain, beste zenbaitetan dauden desadostasunek ia gaindiezinak dirudite: Adegik handitu egin nahi ditu enpresen malgutasun orduak, sindikatuek lan hitzarmen berria aurrekoa aintzat hartu gabe negoziatzen hasi nahi izatea leporatzen diote...
Bederatzi greba egun
Astearteko bilerak kale edo bale egiteko balioko du. Adegik negoziazioak hasteko moduko proposamen bat aurkezten ez badu, ELAk eta LABek langileak grebara deituko dituzte bederatzi egunetan: irailaren 27 eta 28an, urriaren 13, 14 eta 15ean; eta azaroaren 2, 3, 4 eta 5ean. CCOOk eta UGTk ez dute mobilizazioak egitea baztertu.
ELAk eta LABek salatu dute Adegik ez duela benetan metaleko lan hitzarmenik negoziatu nahi, Espainian negoziazio kolektiboaren erreforma onartzen bada, Gipuzkoan Espainiako hitzarmena aplikatu ahal izango duelako. Horrek langileen lan baldintzak kaskartuko ditu, sindikatuen esanetan.
Metalekoa da Gipuzkoako lan hitzarmen garrantzitsuena, langile kopuruari dagokionean, 58.000-60.000 langileri eragiten baitie zuzenean.
Adegik beste proposamen bat aurkeztuko du Gipuzkoako metalerako, asteartean
ELAk eta LABek beren hasierako eskaerak apaldu dituzte, eta jarrerak hurbiltzeko balio behar dutela diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu