Gipuzkoako ekonomia ondo doa eta ondo joango da tarte batez, baina geroz eta laino beltz gehiago daude aurrez-aurre. Adegik lurraldeko enpresarien artean egiten duen urteroko inkestaren arabera, 2015ak %2,6ko hazkundearekin bukatuko du eta 5.000 enpleguko sorrerarekin. Patronalak berak esan zuen orain hilabete batzuk 7.000 izango zirela herrialdean sortuko ziren lanpostuak, baina "joerarekin asmatu" den arren, kopuruarekin erratu da. Aurreko urtean sortutako lanpostuen kopurua halako hiru da 5.000. Eta %1,7 hazi zen BPG 2014an.
Zergatik? "Enplegu sorreraren erritmoa moteltzen ari delako". Brasil, Txina, euroaren ahulezia, dieselgatea.... asko dira Gipuzkoako enpresarien esku ez dauden aldagaiak, eta horiek bete-betean jotzen dute ekipo hondasunak eta zerbitzuak esportzen duen herrialde batean. Merkatuak ez direla hazten ari, eta aurreikuspena ez dela ona inbertsioetan ere mundu mailan. Mehatxu hori hor dago Euskal Herriaren ekonomiarentzat eta zehazki Gipuzkoakoarentzat, herrialdeko industriak duen pisua kontuan hartuta.
Hala ere, gorantz jarraitzen du ekonomiak. Enpresen fakturazioa batez beste %3,7 igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, barne merkatua suspertu egin delako eta kanpo merkatuak bere mailari eutsi diolako. Lehia gogorraren ondorioz, ordea, marginak eta errentagarritasunak behera egin dute. Dena den, datu positibo asko daude nabarmentzeko modukoak. Adibidez, hamar enpresetatik zazpik eskaera maila altua edo normala dute, nahiz eta azken hilabeteetan eskaera mailaren hazkundearen erritmoa apur bat apaldu den.
Beraz, Adegik baikortasunez ikusten du Gipuzkoako ekonomiaren geroa epe motz eta ertainera, baina "zuhurtziarekin". Mezu argia utzi du Pello Gibelalde patronaleko presidenteak zuhurtzi horrek zer esan nahi duen ulertzeko. "BPG eta enplegua orain baino gehiago eta bizkorrago haztea zaila da". Hau da, hazkundea eta enplegu sorrera olatuaren gainean doaz orandik, baina ez da ikusten oraingoaren pareko beste olaturik epe motzera. Eta okerrena dena: merkatuen ozeanoaren zerua gero eta beltzagoa da.