Gipuzkoako metaleko bigarren greba egunaren jarraipenak gustura utzi ditu bai sindikatuak eta bai patronala. ELAren eta LABen esanetan, atzo ere «sektoreko gehiengoak» greba egin zuen. Adegik, aldiz, jarraipena gero eta txikiagoa dela dio. Herenegun langileen %85 lanera joan zirela ziurtatu zuen, eta atzo are gehiago izan zirela.
Adegik jakinarazi duenez, «langileek bizkarra eman diote ELAk eta LABek grebarako egindako deiari». Langileak erantzukizunez jokatzen ari direla uste du patronalak. «Jakitun dira enpresek garai zailak dituztela, eta sindikatuen konfrontazio estrategiari bizkarra eman diote, soilik hauteskundeetan irabaziak ateratzea bilatzen duelako».
Metaleko lan hitzarmena egitearen aldekoa dela adierazi du Adegik, eta prest dagoela negoziazio mahaian esertzeko, orain arte egon den moduan. «Bederatzi hilabeteotan jarrera irekia izan dugu, elkarrizketaren aldekoa. Ez dugu ezer proposatu uko egin ezinezkorik, eta ez dugu jarri aitzakiarik ez negoziatzeko». Horrez gain, garrantzizko gai askotan atzera egin duela esan du. Sindikatuen jarrera, aldiz, ulertezina iruditzen zaio, haiek proposatutakoa onartuagatik greba deialdiei eutsi egin dietelako. Dena dela, «inposizioak eta mehatxuak» alde batera uzten dituztenean, haiekin negoziatzera esertzeko prest dagoela adierazi du patronalak.
ELAren eta LABen arabera, Adegi da negoziatzeko borondaterik erakutsi ez duena. Orain arteko greben jarraipenaren inguruan gezurra esatea egotzi diote, gainera. Gaurko ere grebara deituta daude Gipuzkoako metaleko langileak. 11:30ean manifestazioa abiatuko dute, Donostiako Bulebarretik.
Adegik dio metaleko grebak gero eta jarraipen txikiagoa duela
Gaur hirugarren greba eguna dute Gipuzkoako metaleko langileek; manifestazioa egingo dute Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu