Eskaera esajeratuak egin eta erdibideko zerbait adostean datza negoziazioak. Oraingo egoera kontuan hartuta, lehengoan jarraitzea hartu dute ELAk, LABek eta Adegik tarteko puntutzat. Hori ondoriozta daiteke bi sindikatuek eta patronalak Gipuzkoako metal sektorerako finkatu dituzten akordiorako oinarriei erreparatuta. KPIaren adinako soldata igoera eta lanorduak mantentzea adostu dute, besteak beste. CCOOk eta UGTk gutxitxo iritzi diote lortutakoari.
Lan harremanen kontseiluaren egoitzan bildu ziren atzo lau sindikatuetako eta Adegiko ordezkariak, UGTk deituta. Espero zen akordioa erdiestea, Eduardo Zubiaurre Adegiko presidenteak berak ere aitortu baitzuen jarrera hurbiltze bat izan zutela langileen ordezkariekin. Bederatzi hilabete eta zazpi greba behar izan dituzte ados jartzeko. Aurten eta datorren urtean egongo da indarrean lan itun berria.
Soldata eta lanorduak berdin
Negoziaketetan, soldata eta lanorduak izaten dira tirabira gehien sortzen duten puntuak. Lehen bileran, KPI+%3ko soldata igoera eskatuz joan zen LAB; ELAk eta UGTk KPI+%2ko proposamena egin zuten eta CCOOk KPI+%1,25ekoa. Adegik soldata igoerarik ez zuela onartuko jakinarazi zien. Azkenean, KPIaren adinakoa onartu du.
Lanaldiari dagokionez, urtean 58 ordu gehiago egitea eskatzen zuten enpresaburuek. 35 orduko lanastearen aspaldiko aldarrikapena jarri zuen berriro ere mahai gainean ELAk. LABek 32 ordura gutxitzeko eskatu zuen eta UGTk hamasei ordura. Lan falta argudiatuta sektoreko hainbat eta hainbat enpresak erregulazio espedienteak aurkeztu dituztela argudiatu dute langileen ordezkariek, eta, beraz, lanorduak igotzeak langabezia handitzeko bakarrik balioko duela. Lanaldia zegoen bezala uztea ebatzi dute azkenean.
Pozik agertu dira lortutakoarekin ELA eta LAB. «Gaur egun metaleko lan hitzarmenean ditugun eduki guztiak errespetatzea lortu dugu, inolako atzerapenik gabe», azaldu du ELAk. Sindikatuak nabarmendu du langileek euren oporrez gozatzeko eskubidea izango dutela, baldin eta aldi baterako ezgaitasun baten ondorioz horretarako aukerarik izan badute.
«Ez dago atzera pausorik; lan erreformaren ondoriorik ez da sartzen, eta hobekuntza batzuk ere lortu ditugu», azaldu du LABek ere. Bi sindikatuek nabarmendu dute akordioa lortzeko erabakigarria izan dela langileek protestei emandako babesa. «Adegiri argi utzi diogu ez gaudela prest hurrengo belaunaldiei metaleko sektore desarautu eta prekario bat uzteko», esan dute.
Adegi ere pozik dago finkatutako oinarriekin. «Mugarri bat» izango dela adierazi du, lan hitzarmen batean lehen aldiz aipatzen direlako hainbat kontzeptu: antolaketarako barne malgutasuna, enpresen lehiakortasuna, enpresek inguruko beharretara egokitzeko duten premia, elkarrizketa erabiltzea gatazkak konpontzeko bidetzat eta langileen eta enpresaren arteko harreman orekatuak, adibidez.
Bada patronalak nabarmendu duen beste puntu bat ere. Lan baldintzak asko aldatzen direnean, enpresaburuak aukera izango du aldaketa horiek indarrean jartzeko, baldin eta langileen ordezkariek ez badute arbitraiarik onartzen.
Aralarrek zorionak eman dizkie langileei. «Hilabete hauetan guztietan egin duten borroka eta mobilizazio sindikalari esker, lortu dute patronalak atzera egitea eta eskubide murrizketak saihestea», adierazi du.
CCOO eta UGT haserre
CCOOk eta UGTk, berriz, haserre hitz egin dute. «Ulergaitza da ELAk eta LABek akordioari oniritzia eman izana», esan du aurrenak. KPIa igo arren soldatek erosahalmena galduko dutela uste du, irail amaieran jada %2,1ekoa zelako inflazioa. Bi sindikatuek zazpi greba egun egin dituztela kontuan hartuz gero, lortutakoaren aldean langileek eduki duten galera askoz handiagoa dela gogoratu du.
CCOOk egindako aldarrikapen nagusietako bati kasurik ere ez diotela egin gaineratu du. Lan istripuek eta laneko gaitzek eragindako gaixoaldietan soldataren %100 bermatzea eskatzen zuen sindikatuak, gaur egun %75 jasotzen dutelako. Gaineratu du CCOOk eta UGTk akordio hobeak lortu dituztela Araban eta Bizkaian, eta ELAk eta LABek ez dituztela sinatu akordio haiek.
UGTrentzat, edukiz «pobrea» da hitzarmena. «Sinatutakoa ikusita, argi geratu da grebak alferrikakoak zirela», esan du. Haiek langileei eragindako kostu ekonomiko handia gaitzetsi du.
58.000 pertsonari eragiten die Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenak, eta herrialdeko garrantzitsuenetako bat da. Bihar emango dituzte sindikatuek akordioari buruzko xehetasun gehiago.
Adegik, ELAk eta LABek metaleko lan ituneko oinarriak finkatu dituzte
Bi urtean egongo da indarrean hitzarmen berria, eta KPIaren adinako soldata igoera eta lanaldia mantentzea adostu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu