ekonomia

Adegik eta sindikatuek bertan behera utzi dute Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioa

Ez dute zehaztu noiz arte. Patronalak salatu du sindikatuak lan erreforma ez aplikatzeko eskatzen ari direla. Sindikatuen iritziz, Gipuzkoako enpresarien elkartea ari da trabak jartzen negoziazioetan aurrera egiteko.

2012ko maiatzaren 8a
17:56
Entzun

Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bertan behera utzi dute gaur Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioa, akordiorik egin ez dutela eta. Ez dute zehaztu noiz arte utzi dituzten negoziazioak.

Adegik ohartarazi du sindikatuek lan erreforma ez aplikatzeko eskatzen jarraitzen badute hitzarmena "hilda" geratuko dela. Patronalak dio sindikatuen nahi horrek eraman dituela "irtenbiderik gabeko kalezulora".

Adegik uste du ez duela "zentzurik" enpresek lan erreformak ematen dituen "aukerak" ez erabiltzeak.

ELA sindikatuak ohar baten bidez adierazi du patronala dela negoziazioari irtenbiderik ematen ez diona, eta haren helburua lan erreformaren "ondorio negatiboak" sartzea dela leporatu dio.

LABek "kezkagarritzat" jo du egoera; "batik bat, patronala lan erreformaren alde eta Gipuzkoako langileok urteetan lortu ditugun eskubideak murriztu nahian dabilela ikusirik", esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.